Euskaldunok etxekalte izugarriak gara

jakobaJakoba Errekondo
Paisajista eta agronomoa
Aspalditik pilaturiko ezagutza oinarri, urteak daramatza Errekondok (Usurbil, 1961) landare eta barazkiei buruz aholkuak eta jakingarriak ematen hainbat hedabidetan: Argia astekarian hogei urte, Euskadi Irratian hogeita hamar, aurretik Herri Irratian... Paisajista eta agronomoa, paisaia kulturala du espezialitate. Argiarekin elkarlanean, duela gutxi Bizi baratzea. Garaian garaikoa garaiz liburua argitaratu du, baratzezaintza bertoko ikuspuntutik jorratzen duen dibulgazio lana.

Ortuari bizkarra emanda bizi al gara?
Bizkarra emanda ez, baina baztertuta eduki dugu. Batez ere, baratzea emakumearen lana izan delako.
Izenburuaren azpian, Eman eta hartu, ez Hartu eta eman. Zergatik?
Euskaraz esaera da hartu-emana edo harremana, baina nola hartu, aurrena eman gabe? Zer esanik ez baratzean. Baratzean, ematen ez badiogu, lana egiten ez baldin badugu, ez dugu hartuko.
Baratze parkeak ugaritu, kontsumo taldeak ere... Zer edo zer aldatzen ari da?
Bai, noski, zalantzarik gabe. Zer edo zer aldatzen ari da, asko aldatu ere. Iraultza da baratzearekin bizitzen ari garen hau, bara­tzezaintza ez delako bakarrik barazkiak haztea. Baratzezaintza da lurrerako buelta, inguruko baserritarren kontzientzia hartzea, elikadura burujabetza, ingurumena, osasuna, bada kontuan hartzea zer-nolako ingurumena utziko diegun datozen belaunaldiei... Hortaz, nire ustez, baratzerako itzulera hori da iraultzaren adierazle nabarmena.
Patxadaz bizitzen ikasteko aproposa da baratzea?
Bai, jakina. Baratzeak eta ohiko nekazari­tzak, alegia, betiko eta kalitatezko nekazaritzak ekartzen digun gauza garrantzitsuena da denbora bueltatzen digula. Hori oso inportantea da. Nekazaritza industrialak eta etengabeko ustiaketa denbora lapurtu digute, eta nekazaritza era honek denbora eta lasaitasun horiek bueltatzen dizkigu: ikustea letxugak landatu eta hilabete eta erdi behar dela haz daitezen, edo zenbat egun eta joan-etorri dauden barazki bat erein edo aldatzetik jaso eta jan arte...
Hiztegi aberatsa, esamolde ugari… Jakintza gordailu handia da ortua?
Izugarria, baratzean gauza asko jaso direlako. Ez da soroa edo sagastia bezala. Haietan, ekoizpena askoz ere berdinagoa eta motzagoa da, baina baratzean gauza asko jaso dira: barazki eta teknika asko, tresneria oso zabala… eta landare asko. Landareen milaka urteko bilakaera, familia bakoi­tzak horiek hautatzeko erabili izan dituen moduak... nola transmititu diren belaunaldiz belaunaldi, emakumez emakume. Hori guztia oraindik ere bizirik dago, jendearen ahotan dabil jakintza hori. Egundokoa da.
Baratzeari ezer txarrik topatu al diozu?
Beno, batetik lana da. Orduan, lanaren kontzeptua txarra den neurrian hartuko genuke txartzat. Bestetik, baratzeak azken urte hauetan izandako gauza txar bat da kanpokoa imitatu dugula, kanpokoa ekarri dugula. Euskaldunok etxekalte izugarriak gara, eta, gure ohiturak eta  jakintza aplikatu beharrean, pentsatzen dugu kanpotik datorrena askoz hobea dela. Maiz pentsa­tzen da hori, eta horrek arazoak ekarri ditu: pozoiaren gehiegizko erabilera, teknika desegokiak aplikatzea eta halakoak.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Gaur, adibidez, goizean goiz eguzkia azaldu baino lehenago etxe inguruan zegoen txori orkestrak.
Eta zerk tristatu? Oso goibel jartzen naiz azkenaldi honetan komunikabideak ikusten ditudanean, eta, horregatik, saiatzen naiz ahalik eta gutxien kutsatzen.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Ez dakit… Esaterako, azkeneko hauteskunde hauetan, ustezko politikari batzuen handinahikeriak eta harropuzkeriak.
Bizio bat: Etxeko sagardoa.
Baratzeko fruitu bat: Urte sasoi honetan daukagun onena esan beharko nuke, ilarra; baina gero, egiatan, nirea porrua da.

Eñaut Mitxelena