Fanzine artean

Zaleek (fan) sorturiko argitalpenak (magazine) dira fanzineak. Orotariko gaiei buruzkoak izan ohi dira eta, beti hala ez bada ere, usu azpikulturaren eremua izaten dute berezko leku: komertzialak ez diren musika estiloak, zinea eta literatura, jendartean nagusi ez diren ideologia eta kontuak... Askotan fotokopia bidez eginak, edukiez gain, bestelako ezaugarri bereziak izan ohi dituzte, autoargitalpenari, ezohiko banaketa bideei eta irabazi asmorik gabeko jardunari loturik baitaude. Hots, “egin zuk zeuk” filosofiari atxikiak dira gehienak, hala sortze prozesuan, nola hedapenean. Tabernetan, gaztetxeetan, liburu denda berezietan edota zaleen artean eskutik eskura banatuak, ekosistema aberatsa osatzen dute, kultura ofizialaren fokupetik kanpo. XX. mendeko 40ko hamarraldian sortu ziren AEBetan, eta Euskal Herrian 80ko eta 90eko hamarraldietan izan zuten loraldi nagusia. Egun, pantailadun gailu teknologikoak nagusi izan arren, fanzineek bizirik diraute. Batzuk garai berrietara egokitu eta Interneten soilik ikus daitezke, baina beste askok paperezko euskarriari eusten diote, dagokion balioa aitortuta. Euskaraz ere fanzineen iturriaren jarioak ez du etenik. Hala, argitalpen beteranoen alboan, hasiberriak ere aurki daitezke. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

pop“Pop Pilulak euskarazkoak ez diren gaiak euskaraz lantzeko ere sortu zen”

Julen Azpitarte (Bermeo, 1971) da Pop Pilulak fanzinearen sortzailea eta arduraduna. Maketazioa eta kolaboratzaileek idazten dituzten artikuluak izan  ezik, beste guztia egiten du 2013ko udazkenean lehen zenbakia kaleratu zuenetik: idatzi, editatu, zuzendu, inprentara eraman, banatu, saldu...

Pop Pilulak, Azpitarteren esanetan, “pop kulturari buruzko euskarazko argitalpena da, pop adierazpide askori buruzko artikuluak biltzen dituena: zinema, diseinua, telebista, musika, literatura... XX. mendean sortu zen pop kulturarekin lot daitekeen edozein adierazpide”. Gai bakar bat jorratu beharrean, Azpitarteren asmoa da kolaboratzaileek nahi dutena askatasunez idaztea, osotasuna bilatu gabe. Horregatik pilulen aipamena: “Irakurle batek esan zidan aldizkaria komunean duela, joaten den bakoitzean artikulu bakarra irakurtzeko”.
Pop kultura fanzine batean? Azpitartek honela azaltzen du:  “Pop kultura herri kultura da, industrializaziorekin, gizarte kontsumoarekin eta masifikazioarekin lotua. Aitzitik, Pop Pilulak kontrakultura izan daiteke, autogestionatuta egiten delako, zaletasun hutsagatik. Esan izan didate nahiko produktu duina dela, diru-laguntzak eskatzeko, baina horrek nolabaiteko obligazioa ekarriko luke eta dagoen moduan ondo dago”. Noiz arte? “Ez dakit, baina nahiago dut guztiok jartzen dugun pasio honekin egin. Salmenta nahikoa da gastuak estaltzeko, eta badakit hemendik ez naizela aberastuko”.
Bi arrazoi izan zituen Azpitartek fanzinea sortzeko: “Batetik, nik neuk gustura irakurriko nukeen aldizkari bat ateratzea euskaraz, neure baliabideekin eta diru askorik inbertitu gabe, baina kalitatezkoa, ondo ida­tzia, itxura onekoa. Bestetik, euskal ekoizpen ofizialarekin zerikusirik gabeko gauza asko ez dira euskaraz argitaratzen; beraz, iruditzen zitzaidan hau egitea euskararen normalizazioaren alde jardutea dela. Berri Txarrak, Anari edo Koldo Almandozen lanak sustatu eta babestu behar ditugu, noski, baina hemen idazten dugunok gure gustuko gaiei buruz hitz egin nahi dugu; ez baldin badaude euskarazko ekoizpenarekin lotuta, hobe. Horretarako ere sortu zen Pop Pilulak: euskarazkoak ez diren gaiak euskaraz lantzeko. Ezinezkoa da hori ehuneko ehunean bete­tzea, baina lehentasuna eman nahi diogu euskarazkoa ez den ekoizpenari. Modu askotako euskaldunak gaude, gero eta gehiago”.
Kolaboratzaile taldetxo batek proposa­tzen eta idazten ditu artikuluak. Horien arteko lotura adiskidetasuna da: “Kazetaria naizenez, lan ibilbidean ezagututako jendearengana jo nuen lehen zenbakia egiteko, baina ondorengo zenbaki guztietan badaude beste kolaboratzaile batzuk, eta ia guztiak etorri izan dira nigana. Hori ikaragarria da, ez nuen halakorik espero, eta oso harro nago, komunitate txikia sortzen ari delako”.
Urtean bi ale atera ditu orain arte, udaberrian eta udazkenean, lau guztira: “Udazkenekoa errazagoa da zabaltzen, Durangoko Azokako plaza hor dagoelako, baina udaberrikoa apur bat galduta geratzen da”. Bosgarren alea martxan ei da: “Laugarrena kaleratu berri, kolaboratzaileak dagoeneko ari dira proposamenak botatzen. Gero eta lodiago eta gero eta garestiago!”.
Halere, Azpitartek ez du Pop Pilulak sareratzeko inolako asmorik: “Ukigarriak inolako baliorik ez duen sasoi honetan, gero eta garrantzi handiagoa hartuko dute euskarri fisikoek, binilozko diskoekin gertatzen ari den bezala. Disko gogorra izorratzen den egunean, geure buruari galdetuko diogu non dauden hildako amaren argazkiak. Pop Pilulak-en lehenengo zenbakia Interneten dago, baina besteak ez, eta ez ditut jarriko. Horregatik ez naiz neurekoia, batzuek esaten didaten bezala. Gauzak beste modu batean egin gura ditut, objektuari emanda garrantzia”.

izugiroa

“Hemen askok uste du euskaraz izate hutsagatik underground dela”

Gotzon Hermosilla (Barakaldo, 1966) eta Iñigo Basaguren-Duarte (Algorta, 1984) dira Izu Giroa punk eta hardcore euskarazko fanzinearen egileak, edo “politburoa”. Edo “bi kidez osatutako asanblada nagusia”, nahiz eta saiatzen diren kolaboratzaileak bilatzen fanzinea egiteko. Gotzonek sortu zuen 0 zenbakia; Iñigo duela sei urte batu zitzaion.

Izu Giroa 2002ko hasieran sortu zuen Go­tzonek. Entzun! aldizkarian kolaboratzen zuen eta, hura desagertzear egon zenean, idatziak zituen hainbat artikulu. Fanzine batean argitaratzea otu, lagun batzuekin elkartu eta egin! Urte bereko udan kaleratu zuen bigarren zenbakia, kostata. Ordutik aurrera, bera izan zen editore bakarra Iñigo hasi arte. “Eskerrak! Erre­tzen hasia nintzen” dio Gotzonek. Emaitza 23 zenbaki 13 urtean. Edukiak bien artean idatzitakoak eta kolaboratzaileei eskatutakoak dira. Horrez gain, badute marrazkilari “ia ofiziala” : Javier Ruiz Arregi Txori.
Gaiak “bilera berezietan” erabakitzen dituzte, “kontzertuetan batzen garenean”, eta Iñigo arduratzen da diseinuaz. Fanzine zaharren estetikari eusten diote, “baina punk espirituak ez du esan nahi zatarra edo zikina izatea”. Zenbakiko 200 fotokopia ateratzen dute. Banaketa da “ajeetako” bat: “Sarea norberak landu behar du: tabernak, gaztetxeak, liburu denda bereziak... ahal dugun lekuetan uzten dugu, lagunen bidez...”. Baita Durangoko Azokan ere: “Batzuek aprobetxatzen dute urte osoan atera diren fanzineak erosteko”. Postaz ere bidali izan dute, baina ez dute harpidetzak egiteko konpromisorik hartu nahi: “Ez dakigu noiz aterako dugun hurrengo zenbakia. Hau ez da lana, zaletasuna baizik”. Gastuak ozta-ozta estaltzen dituzte salmentarekin.
Izu Giroa euskarazko punk eta hardcore fanzinea da: “Punkak eta hardcoreak musika estilo eta joera asko hartzen dituzte barnean, eta guztiei buruz idazten dugu, gai bakarrera mugatu gabe” dio Iñigok. Gotzonek eransten duenez, “batez ere musikaz hitz egin arren, film edo liburuen kritikak ere egiten ditugu. Alde horretatik, hau erdarazko fanzine gehienak baino zabalagoa da”.Punka bizi­tzeko eta gozatzeko dugun modua islatzen du” dio Iñigok. Biek eramaten dute paperera euren pasioa.
Izu Giroa Alemania edota AEBetako hainbat fanzinetan agertu izan da: “Horrek dezente txunditzen nau” dio Gotzonek, “gehiago ezagutzen dute punk erdaldunek”. Iñigoren esanetan, “hemen askok uste du euskaraz izate hutsagatik underground dela, baina euskarazko produkzioan denetik dago”. Gotzonek dioenez, ordea, “kultura undergrounda edo kontrakultura egoteko, kultura ofiziala behar da, eta hori euskaraz sortzea oso zaila da. Azken batean, argitaletxe handiek ateratzen dituzten liburu ofizialak ere ez dira erakusleihoetan egoten, oso gutxi sal­tzen dira, eta oso tirada murritza dute. Euskal kultura ofiziala berez nahiko underground denez, zaila da kontrakultura sortzea, baina beharrezkoa. Ez gara identifikatzen Euskadi Gaztea, Gatibu edo idazle handi zenbaiten literaturarekin”.
Gotzonen iritziz, Izu Giroaren eroslea “musika munduan erabat sartutako jendea da, adinez nagusitxoa ere bai”. Haatik, punka gazteei soilik lotutako kultura ez izateak baditu abantailak: “Gaztetasunarekin lotzen zenean, izan zitekeen moda, baina orain argi dago ez dela hori. Halere, badu arriskua: gazteei interesatu ezean, belaunaldien arteko etena sortzea”. Iñigo DBHko irakaslea da eta ikasleek, punkaz edo rock'n'rollaz jardutean, karkatzat dute: “Punk kulturari ez datorkio txarto heldutasun puntu bat, baina kultura honetan 13-14 urterekin sar­tzen direnek bizi izan ez duten garai baten nostalgia dute. Ondorioz, eskema asko errepikatzen dira, eta hori ez da apurtzailea. Punkari freskotasun hori falta zaio”.
Kaleratzear da Izu Giroaren 24. zenbakia, data zehatzik gabe: “Azalean '2015eko uda' jarriko du eta irailean aterako dugu” dio politburoak. Adi, beraz!

amatxi

“Batez ere, gizartea bere buruarekin kritikoa izateko sortu dugu Amatxi”

Do It Yourself (Egin ezazu zuk zeuk) filosofia oinarri, iragan apirilean kaleratu zuten Ipar Euskal Herrian Amatxi, “euskarazko fanzine libre, herrikoi eta iragarki komertzialik gabea”. E-posta bidez zabaltzen dute, baina papera du euskarri, “ordenagailuan estekaturiko fitxategi bati konpara, papera ez baita hain erraz galtzen... eta xarma handiagoa du, dudarik gabe”. Egileak anonimoak dira eta, horrenbestez, izen-abizenik aipatu gabe erantzun diete AIZU!ren galderei.

Fanzine librea da Amatxi, eta gogoeta eragitea du xede, ikuspuntu kritikoa landuta. Autoreen hitzetan, “libre hitzak zentzu asko izan ditzake, baina espero dugu zentzu horiek guztiak gure fanzinean txertatzea. Batez ere, gizartea bere buruarekin kritikoa izateko sortu dugu; pertsonek hausnarketak egiteko eta, lasaitasun osoz, haien auzoko arazoak edo mundu mailakoak aipatu ahal izateko. Nahi ginuke Amatxi euskaldunen boz eramailea izatea, mugarik ez baitu kritikan”. Horrekin batera, sormen artistikoari ere leku eginen dio: “Gauza artistikoak garrantzitsuak dira guretzat; beraz, artistei ere irekia da, beraien kantu, poesia, bertso, marrazki, argazkiak eta abar hedatzen laguntzeko”.
Goiburuan agertzen denez, informazio informala eskaintzen du Amatxik: “Ez baitugu editorialik, adibidez. Barnean sartuko ditugun artikulu, irudi, agenda eta halakoek ez dute ordena berezirik izanen”, zehaztu dute. “Bestalde, ez dugu garantizatzen esandako guztia egia izanen denik. Ez gaude kazetari profesionalak, eta ez dugu izan nahi. Artikuluen idaztea edozeini enkargatu nahi diogu, tripan duena atera dezan, plazara dezan. Berdin du kazetaritzaren arauak ez badira errespetatuak, ez dugu ezer salgai”.
Beren nortasunari buruzko arrastorik ez dute eman nahi egileek. Beraien artean Hegoaldeko eta Iparraldeko jendea dagoela, besterik ez. “Beste guztiak ez du garrantzirik. Nahiago dugu Amatxiz hitz egin”, azaldu dute. “Ama­txien ohorez izendatu dugu horrela” gehitu dute. “Euskal Herrian, emazteen eta amatxien rolak maiz ahantziak baitira gaur egun. Baina izan da garai bat non amatxiek sendabelarren ezagutza handia zuten, eta beste arlo askotan jakintsuak eta oso garrantzitsuak ziren. Industriak desagerrarazi egin du jakite horien beharra; baina, gaur egun Do It Yourself filosofia sostengatzen badugu ere, ez dugu ahantzi behar gure amatxiek zuten rol garrantzitsu eta maitagarria, zahar-etxeetara bidali genituen garaiaren aitzin”.
Do It Yourself pentsaerari atxiki zaizkio hasieratik Amatxiren egileak. Horren erakusle, agerkaria banatzeko modua: e-posta bidez eskatu behar da, eta e-postaz jaso. Ondoren, dokumentu horren nahi adina ale inprimatu eta zabaldu baino ez da egin behar. Horrela joka­tzeak xede argia du: “Fanzinearen banaketa eta ekoizpena erraztea, eta ahalik eta merkeen izatea. Bestalde, fisikoki ez banatzeak arrunt laguntzen digu anonimotasunari eusten”.
Ez daude, ez, anonimatua galtzeko prest: “Nahiz eta horrek mantsotu Amatxiren garapena, guretzat oso garrantzitsua da. Gure eta ida­tziko dutenen askatasuna mugagabe bihurtzen du. Ez ditugu artikuluak idatzi edo zabaldu nahi jendearekin kexatzeko. Bada jende mota bat ausartzen dena bere ideiak plazaratzen, baina bada beste jende bat, gu bezala, umilki gogoetan aritu nahi duena”.
Finean, egiletzari baino, edukiari erreparatu nahi diote. Lehen zenbakian, esaterako, Hazketa hondakindegia eta hedabideen manipulazioa izan dituzte hizpide. “Ondoko gaiak jendeak berak hautatuko dituela espero dugu. Guk, batez ere, jendearen artikuluak bildu eta hedatu nahi ginituzke”.
Oraingoz, zenbaki bakarra kaleratu dute, apirilekoa: “Hilean bat ateratzea ez da erraza, elkartzeko denbora hartu behar dugulako, besteak beste. Baina poliki-poliki, idazle gehiago baldin badira, nahi ginuke hilero agertzea”. Ateak, bederen, parez pare dituzte zabalik. Dela ida­tziak prestatzeko, dela fanzinea banatzeko, edonork har dezake parte. Beraiekin harremanetan jartzeko modu bakarra E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikoa da.
Lehen zenbakia Ipar Euskal Herriko liburutegietara bidali zuten e-postaz, ale batzuk inprima zitzaten. Hegoaldera ere iritsi dira: “Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Komikiguneak galdatu zigun, eta plazer handiz bidali genion. Espero dugu Hegoaldean tabernek, liburutegiek, liburu-dendek eta edozeinek ale bat galdatzea e-posta bidez. Orri baten bi aldeetan inprimatu eta ondotik tolestu egiten den fanzinea da... Do It Yourself, Amatxi bezala!”.