“Euskaldunek kontsumitzen dute euskal kultura, hemen badago militantzia”

anari

Anari

Anari Alberdi (Azkoitia, 1970) DBHko irakaslea eta Anari musikaria bat dira. Irakaskuntzan lanaldi erdiz jarduteak sortzeko astia uzten dio musikariari. Halere, patxadaz kaleratzen ditu diskoak. Argitaratu berri du Zure aurrekari penalak (Bidehuts). M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Psych Out taldearekin ingelesez hasi zinen musikan, 1990 aldera, bateria-jole. Oso ezberdinak dira Anari hura eta oraingoa?
Ez naiz hain urruti sentitzen, berriz ere joko nituzke orduko zenbait kantu. Hori bai, bateria jotzetik abestera aldea dago. Orduan, esaterako, hitzek ez zuten inolako pisurik, ahots bat egon zedin esaten genuen zerbait. Hasierako ariketa izan zen, imitaziozkoa. Gerora, imitazioak “eragin” bihurtzen dira, baina ez da ezkutatu nahi dudan garaia.
1997an bakarlari hasi zinenean, euskaraz kantatzeari ekin eta gitarra hartu zenuen esku artean. Nola gertatu zen aldaketa?
Gasteizera joan nintzen ikastera eta, ezin nuenez bateria eraman, Errege Magoei bost mila pezetako gitarra espainiarra eskatu nien. Asteburuetan, akordeak erakusten zizkidan lagun musikari batek Azkoitian, eta aste barruan praktikatzen nuen Gasteizen. Teknikarik gabe, akordeak ikasi eta kantuak egiten hasi nintzen. Ordura arte, solfeoa eta pianoa ikasi nituen, baina piano ikasketak kantuak ikastean eta errepikatzean oinarri­tzen ziren. Gitarrarena, neurri batean, alderantzizko prozesua izan zen. Bestalde, asko irakurtzen nuen, literatura garrantzi handia hartzen hasi zen niretzat. Biak elkartu nituen: zenbait gauza idatzi, melodia batzuk egin...
Harrezkero, Pettirekin grabatu zenuenaz gain (Metak, 2003), bost disko kaleratu dituzu bakarlari. Azkena, onena?
Beharko hori sinetsi! Halere, denborak esango du. Disko bat sortzerakoan, zerbaiten bila ibiltzen naiz. Azken honekin badakit zeren bila ibili naizen. Beraz, onena da orain horretxen bila joan naizelako, horixe nahi nuelako. Gero, denbora pasatutakoan, agian pentsatuko dut horrek ez zuela zen­tzurik, baina, momentuz, barruan neukan onena eman dut. 
Kritika onak izan dituzu, jendea zain zeneukan?
Hitzen zain zegoen sentsazioa izan dut batez ere. Diskoa atera eta bi astera kontzertuak ematen hasi ginenean, jendeak ikasiak zituen hitzak, harrigarria izan  zen nola kantatzen zituzten entzuleek abestiak goitik behera. Zain egongo ziren, baina nik ez dut denbora hartzen kantuak egiteko, denborak hartzen du lekua nire barruan. Beti ibiltzen naiz aurrekoari zer aldatu pentsatzen, zer erantsi, zer erantzi... Horretan, denbora asko pasatzen dut. Ez da mundu guztiari gustatzeko moduko musika; alabaina, gustatzen zaiona hitzen barrutik igarotzen da. Beharbada, harrokeria da nik esatea, baina sentitzen dut jendea identifikatu egiten dela nolabait.
Kantak sortzerakoan, entzule horiengan pentsatzen duzu?
Disko honetan, Armagabetzea kantuari dagokionez, kontsulta pare bat egiteko beharra sentitu nuen, hitz jokoa egiten delako politikan hainbeste erabili ditugun kontzeptuekin, baina, bestela, ez dut pentsatzen jendeari gustatuko zaion ala ez. Nahikoa lan edukitzen dut bezperan gustatu zaidana hurrengo egunean neuri gustatzearekin! Dena den, disko honetan bertigo moduko bat sentitu dut, nire ustez, letretan, idazkeran, jauzi bat egin dudalako. Gero gerta daiteke norberari jauzi hori bosgarren solairutik egindakoa iruditzea, eta beste bati espaloia jaistea baino ez... Jendeak beti nahi izaten du disko berria aurrekoa bezalakoa izatea, baina zuk hurrengoa eman behar diozu. Neuri gertatu izan zait sekulako dezepzioa hartzea ikaragarri gustatzen zitzaidan norbaitek lan berria ateratakoan, ez zelako nik espero nuena, eta gerora disko onena dela pentsatzea. Entzulea kontserbadorea da, aldaketak ez ditu ondo hartzen, baina ni bide batean aurrera sentitzen naiz eta lanari beste buelta bat emateko beharra sumatzen dut beti. Ez dago zertan, agian egin daitezke hamar disko berdin-berdinak, eta denak mundialak, baina nik beti nabaritzen dut zerbait alda­tzeko beharra, jendeak aurrekoa espero arren.
Orain oso ohikoa da bideoklipak egitea diskoa promozionatzeko, baina zuk ez duzu egiten...
Ez da bideoklipen aurkako jarrera ideologikoa. Nahiko larri ibil­tzen naiz diskoa egiten, hor jartzen ditut nire indar guztiak; bideoklipa ez zait iruditzen lehentasunezko kontua. Bestalde, badirudi gaur egun dena dela ikus-entzunezkoa, baina gu entzunezkoa gara, ikus-entzunezko kon­tzertuetan bihurtzen gara. Bideo oso politak egin daitezke, jendeak nire kantuekin egin dituen batzuk ere gustura ikusi ditut, baina nik, adibidez, ezingo nuke inoiz playbacka egin, ezin dut neure burua kantatzen imitatu, norbere buruaren parodia iruditzen zait. Egia da bestelako bideoak ere egin daitezkeela, baina ni ez naiz aktorea.
Musika industria larri, ez da diskorik sal­tzen, musikari batzuek doan eskaintzen dute beren ekoizpena Interneten, beste batzuk ez dira horren aldekoak... Zuk nola ikusten duzu egoera?
Nik baditut Internetetik deskargatutako diskoak. Behin hori aitortuta, zer esan? Bada, beste batzuek ere egingo dutela; diskoa horrela zabaltzen bada, jendeak benetan badauka entzuteko gogoa, bilatu eta jaitsi egiten badu, bejondeiola! Azken batean, kontzertuetan dagoen jendeak aurretik entzun du diskoa.  Bestalde, zuloa sortzen da, musikariok ordain­tzen baitugu diskoa. Guk autoekoizpena egiten dugu eta dirutza da estudio batean grabatzea eta diskoa fabrikatzea. Beste garai batzuetatik gatoz, lehen diskoak oso garestiak izaten ziren eta ez zen erosleekin enpatiza­tzen. Esaterako, Fermin Muguruzari eta Esan Ozenkiri aitortu behar zaie ordurako aldarrikatzen zutela ez ordaintzeko diskoengatik kopuru zehatz bat baino gehiago. Bestalde, ­DBHko irakaslea naizen aldetik, ikusten dut gazteei ez zaiela burutik pasatu ere egiten disko bat ordainduta erostea, eta hori ere ez da bidezkoa. Realaren partida bategatik ordain daiteke hainbeste? Ez nago ez erosteko hautu ideologikoa egin duenaren aurka, baina gai horrek ertz asko ditu. Dena den, euskaldunok zortea dugu: proportzionalki, nik askoz ere gehiago saltzen dut Espainian nire estiloko edo nire garaian hasitako musikari batzuek baino. Hemen badago militantzia, eta hori aipatzeko modukoa da.
Aurreko zenbakian, Gontzal Mendibil kexu genuen euskaldunok ez dugulako euskal kultura kontsumitzen. Zuk, orduan, ez duzu sentsazio bera?
Ez, nik hitz egin izan dut Espainiako beste bakarlari batzuekin eta ia-ia nik adina sal­tzen dute, askoz ere oihartzun handiagoa izan arren. Jende espainiarrak ez dauka kultura espainiarra kontsumitzeko kontzien­tziarik. Euskal Herrian, adibidez, Durangoko Azoka dugu eta, hori gabe ere, atera berri dugun diskoa mugitu egin da, zuzenekoetan ondo saldu da. Euskaldunek kon­tsumitzen dute euskal kultura, baina kontuan izan behar da ekoizten den guztia ere ezin dela kontsumitu, ikaragarri ekoizten baita. Nik egoera ez dut hain gaizki ikusten.
Zer entzuten dute zure ikasleek?
Ordizian naiz irakasle, eta adin horretan badago kontsumo globalizatua, irrati formuletan entzuten den musika kontsumitzen dute. Dena den, uste dut unibertsitate adinera egin behar dela jauzi gazte jendeak zer musika en­tzuten duen jakiteko. DBHkoak oraindik gaztetxoak dira, nerabezaroan ematen digutena jasotzen dugu; beraz, planteatu beharko genuke nerabe horiei zer musika ematen diegun. Halere, tokian tokiko modak ere badaude. Adibidez, Ordiziako eskolan badira Zaldibiako ikasle batzuk eta horiek askoz ere gehiago entzuten dute euskal musika, aurreko belaunaldikoen transmisioa indartsuagoa izan delako edo. Bestalde, behin ikasle batek esan zidan Berri Txarraken kontzertu batera joatekoa zela eta bazituela taldearen pare bat kantu sakelakoan. Neuk daukadan diskoa eskaini nion, kantu guztiak ezagutzeko aukera izan zezan, baina ez zidan hartu, nahikoa zuen bi kantu haiekin. Horrek zer pentsatua eman zidan, atentzioa ematen dit kantuak banaka entzuteak, ez dute diskoak osorik kontsumitzeko ohiturarik. Dena den, gure kontzertuetara 20 urte inguruko jende asko etortzen da eta uste dut garai horretan hasten dela gazte bat zer den hausnartzen, erreferentziatzat dituen pertsonek irakurtzen dutenari edo haien esanei erreparatzen...
Zergatik elkartu zinen 2007an beste musikari batzuekin Bidehuts diskoetxea sortzeko?
Arrazoi praktikoengatik. Hor gaudenok Fermin Muguruzak 90eko hamarkadan sortutako Esan Ozenki diskoetxean hasi ginen. Hura Metak bihurtu zen, baina gero itxi egin zen, juxtu nik Zebra lana atera ondoren. Geure arteko txantxa da esatea horregatik, hain zuzen ere, itxi zela diskoetxea. Diskoetxerik gabe geratu ginen eta aukera ideologikoa izan zen geuk egitea: eskarmentua bagenuen, nik ordurako hiru disko nituen kalean, Lisäbo eta Inoren Ero Ni taldeak ere hor zeuden... Erreferentzia ideologikoak ziren guretzat zenbait  diskoetxe amerikar independente, baita Esan Ozenki eta Metak ere. Momentu hartan, beraz, ikusi eta ikasitako gauzekin, Bidehuts sortzea erabaki genuen. Gero hazi egin da, orain talde asko gaude, baina ez dago formula magikorik. Bakoitzak bere diskoa egiten du, denok erabil ditzakegun gauzak partekatuta, errazagoa delako horrela. Gainera, lanean gustatzen zait kritikoa izatea, baina ezin ditut gauzak nahi bezala aldatu. Musikan, aldiz, neuk sortutako gauza batean eragiten dut; ez banago ados, aurka egin dezaket, neure erara egin, zenbaitetan merkataritzaren aurkako logikari jarraituta. Askotan, bide gogor eta malkartsuena hartu dugu Bidehutsen, baina ni oso gustura nago. Horren gainetik, lagun handiak gara. Horrenbeste urte eta gero ez da gutxi.
Banda indartsua osatu duzu. Anari orain zer da gehiago, bakarlaria ala taldea?
Sortzen, bakarlaria. Jotzen, gehienetan, taldea. Egiten ditut kontzertuak bakarrik, eta asko gustatzen zait, baina badago aukera artistiko bat ere. Izan ere, bakarlariaren ahotsa bandaren soinuaren gainetik geratu ohi da; guk, ordea, dena batera egin izan dugu. Gainera, banda hau ezagun du jendeak, urteak daramatzagu eta banda bat gara dagoeneko. Kontzertua hastean, beti esaten dut: “Gabon, Anari gara”. Hori Bartzelonako jaialdi batetik dator. Ez gintuzten ezagutzen eta “Anari taldea zarete?” galdetu ziguten. Orduan hasi ginen erabiltzen. Abestia neuk sortzen dut, baina gero taldeak harago eramaten du. Lan handia hartzen dugu, taldekideen aldetik eskuzabaltasun ariketa handia da.
Amaitzeko, azaldu euskara ikasteko arrazoiren bat.
Ibarretxeri gauza eder bat entzun nion: euskara ikasi zuenean, bat-batean beste mundu bat azaldu zitzaiola bizi zen lekuan eta horrek bere burua berrasmatzera eraman zuela. Beste arrazoi bat da sorterri edo bizileku duzun herriko hizkuntzarekiko errespetua. Ikasten eta hitz egiten ez baduzu, hizkuntzaren galeran eragiten duzu. Ez dago erdibiderik: hizkuntza altxatzen edo zapaltzen ari zara.
KOLKOTIK

Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Nahiko nuke sorkuntzan jarraitu, agian bateria jotzen! Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Gure herri honen egoera denontzat balio duen eran konpondu dela, alegia, konpondu beharko lukeen bezala. Entzun duzun kontzertu gogoangarri bat? Lorena Alvarez asturiarrarena duela gutxi, edo iaz ikusi nuen Nick Caverena. Eta zeuk eman izan duzunean? Zorionez, asko; adibidez, azken disko honen aurkezpena Donostian hunkigarria izan zen, festa hutsa. Zerk ematen dizu amorrua? Harrokeriak, arlo guztietan. Eta beldurra? Hegazkinek, tximistek, igogailuek... Zein kontzertu galdu izanaren pena duzu? Mikel Laboak eta Atahualpa Yupanquik Iruñean eman omen zutena. Gustuen jotzen duzun musika tresna? Bateria, neuk bakarrik ikasi nuen. Eta nahiko nuke trikitiarekin pieza batzuk jotzen ikasita joatea mundu honetatik, ikaragarrizko bizipoza ematen baitit instrumentu horrek. Non bilatzen duzu inspirazioa? Inspirazioa gehiegi balioesten da: kontua ez da inspirazioa, intuizioa baizik. Nori edo zeri ez zenioke inoiz kanturik eskainiko? Yolanda Barcinari edo Jose Maria Aznarri.