Trenbide zaharraren lurraldean

ivan

1967. urtean egin zuen azken txangoa Vasco-Navarro trenak. Orain, mende erdi geroago, oinez eta, bereziki, bizikletaz paseatzeko bide berde ederra osatzen du haren ibilbideak Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa artean. Ivan Santamaria.

Asmo handiko obra izan zen hasieratik. Iparraldera, Gasteiz eta Bergara lotuko zituen. Ekialdera, berriz, Arabako hiriburuaren eta Lizarraren arteko bidea egingo zuen. XIX. mendean hasitako diseinua ez zen 1927ra arte bukatu. Bizitza laburra izan zuen gero, ordea, 1967. urtean igaro baitzen azken trena Lizarraldetik Lautadara. Urte askoan, bertan behera utzitako trenbide zaharkitua baino ez zen izan, harik eta 1992. urtean erakundeek beste erabilera bat ematea erabaki zuten arte.
Gaur egun, Vasco-Navarro trenaren ibilbide gehiena oinezkoentzako eta bizikletetarako egokituriko bide berdea da. Apurka, geroz eta zati handiagoa ari dira prestatzen bisitarientzat. Lau tarte handitan dago banatuta. Gasteiztik iparraldera, Gipuzkoako mugaraino doa lehenbizikoa, Arlabango mendatera arte. Bigarrenak Arabako hiriburua Laminoriako tunelarekin lotzen du, Mendialdeko bidean. Laminoriako tunel zaharra ondoan duen meategiak baliatzen du oraindik ere, eta bertan hasten da bestelako ibilbide bat, Gereñuko mendatea igo eta Kanpezuraino iristen dena. Egokituta dagoen azken tarteak Nafarroaraino egiten du jauzi, Kanpezun hasi eta Murietaraino doa, Ega ibaiaren bailaran.
Guztira, 60 kilometro inguru berreskuratu ditu bide berdeak. Horrek bereziki erakargarria egiten du bizikletaz ibiltzeko. Zati oso handi bat laua da, edo malda txikiak ditu. Zailtasun handiena Laminoriako tunela zeharkatzeko bestelako bideak dauka. Gereñuko mendateak malda gogorrak ditu, mendiko bizikletaz igo beharrekoak. Ondoren, jaitsiera San Toribioren ermitaraino doa, errepide arrunt batetik, Zikujanon berriro ere bide berdean sartu aurretik.
Gasteiz eta Nafarroa arteko bidea lotzeko, izan dira zenbait arazo, tarte batzuetatik errepide nagusia igarotzen delako. Haatik, azken urteotan egindako zubi eta pasabideei esker, lortu da arazoari irtenbidea ematea. Horietako bat, ikusgarria, Antoñana herri harresidunaren parean dago. Leku horretan, halaber, geltoki zaharraren gunea erabili dute Vasco-Navarroren interpretazio eta informazio zentroa egiteko, tren itxurarekin.
Trenari zerbitzu emateko azpiegiturez josita dago ibilbidea. Horiek osatzen dute osagai bereizgarri eta erakargarrienetakoa bide osoan. Esaterako, geltoki eta geraleku ohi askok zutik segitzen dute, nahiz eta gehienek beste erabilera bat izan. Hala, Otazukoa aterpetxea da gaur egun, eta Murietakoa, berriz, udaletxea. Arkitektura berezia dute eraikin horiek guztiek, trena eraiki zuen konpainia ingelesaren diseinuen ondorio.
Oztopo geografikoak gainditzeko, elementu arkitektoniko ugari igaro behar ditu oraindik ere bisitariak. Besteak beste, tunelak edo bidezubiak. Zuñigatik abiatzen den tartea oso interesgarria da, Nafarroak Arabarekin muga egiten duen lekua. Kilometro gutxi batzuetan, ibilbideak bi tunel eta zubi ikusgarri bat zeharkatzen ditu. Arkijasko biaduktuak bederatzi arku ditu, eta 30 metroko garaiera. Vasco-Navarro ibilbideko zubi handiena da. Ia segituan, Arkijasko tunela dago: 1.400 metrotik gorako luzera du eta, kanpotik ilunpean dagoela iruditu arren, argiztapena berma­tzeko mekanismo eraberritua du.


Bide berdeko ibilbideak:

1) Gasteiz-Arlaban
Luzera: 13,7 kilometro.
Denbora: 2:45 ordu oinez eta 1:20 ordu bizikletaz.
Desnibela: 65 metro.
Zeharkatzen ditu: geltoki ugari eta Arabako urtegi sistemako leku nagusiak.

2) Gasteiz-Laminoriako tunela
Luzera: 19,3 kilometro.
Denbora: 4:00 ordu oinez eta 2:00 ordu bizikletaz.
Desnibela: 200 metro.
Zeharkatzen du: Trokonizen tunel bat dago, eta bideak badu lotura bat Estibalizko santutegiraino igotzen dena, Andollu herritik hurbil.

3) Laminoriako tunela-Kanpezu
Luzera: 24 kilometro.
Denbora: 6:30 ordu oinez eta 3:00 ordu bizikletaz.
Desnibela: 369 metro.
Zeharkatzen ditu: tarterik gogorrena Gereñuko mendatean dago. Maeztu eta Antoñako geltokiak igarotzen ditu, eta azken horretan dago Vasco-Navarroren interpretazio zentroa.

4)  Zuñiga-Murieta
Luzera: 14 kilometro.
Zeharkatzen ditu: Peñon eta Arkijasko tunelak eta Arkijasko bidezubia.