Ulian sigi-sagan

ulia

Donostian, eremu ezin urbanizatuagoaren erdian, hirigunetik esku-eskura dago Ulia mendia. Donostia eta Pasaia artean, itsasoa eta mendia uztartuta, aukera ugari eskaintzen ditu. Horien artean da itsasbazterreko bidea. Eñaut Mitxelena.

Itsasbazterrekoa, Donejakue Bidea, Talaia (Gipuzkoako kostaldea zeharkatzen duena)... Bide eta bidezidorrez josia dago Ulia mendia. Haietan barrena, natur gune aberatsa topa daiteke: fauna eta landaredi oparoak, Donostialdeako historiaren berri ematen duten giza aztarna ugari edota natura-indarrek hareharrian eragindako lorratz ezinezkoak. Aisialdiaz izerdi gutxi botata gozatu nahi duenak ere badu non aukeratu. Hor dira, besteak beste, Ulia Gazte Aterpetxea, Uliako Interpretazio Zentroa edota Uliako Merenderoa, aski aproposak egun-pasa lasaia egiteko.
Nolanahi ere, izerdi apur bat botatzeko txangoa proposatuko dugu oraingoan: itsasertzeko xendrari jarraiki, Donostiatik Pasaiara joatea. Kaioen txilio etengabeak, Uliako itsaslabarrak eta itsasoa izango ditugu bidelagun, natura-balio handiko paisaiarekin batera. Izan ere, Uliako itsaslabarrak babes bereziko gune dira, eta Natura 2000 sarearen baitan daude.
Gros auzoko Mariaren Bihotza elizaren alboan hasiko da ibilaldia, Zemoria kalean gora jota. Malda tentearen bukaeran, bide guztiz laua topatuko dugu: XX. mende hasieran Ategorrieta auzotik Uliako aisialdi eremura joaten zen tranbiaren bide zaharra da. Tarte horretan, Donostiako ikuspegi ederrak eskaintzen ditu bideak.
Hasieran, Talaia bideko seinaleak jarraituko ditugu. Halere, itsaslabarreko bidea jarraitzeko, bestelako marka batzuei egingo diegu kasu: horiz margoturiko bota pareari, hain zuzen ere, Club Vasco de Camping elkarteak bidea egokitu zuenetik erabilitakoari. Zenbait tartetan, bide bera elkarbanatuko dute bi ibilbideek, baina adi erreparatu behar zaie bota horiei, itsasertzeko xendra ez galtzeko. Halere, Talaia bideari jarraituz gero, ez dago arazorik, berdin-berdin eramango gaituelako Pasaiara. Bide erosoagoa da, eta hori ere polit askoa.
Markei jarraikiz, tranbia zaharraren bidea atzean utziko dugu. Tarte honetan, ez da eskuinera, gorantz, egin behar. Hala eginez gero, Uliako gainaldera joko dugu. Horren ordez, itsasoa ezkerrean dugula, baso itzaltsuan zehar eginen dugu bidea. Berehala, Kutrailako iturrira iritsiko gara. XVIII. mendekoa da eta, bere garaian, donostiar askok erabili izan zuten garbitoki gisa.
Kutraila igaro eta segituan, bidegurutze batera helduko gara. Ezkerretara  joko du bideak, beherantz, harbide dotorean zehar. Eskuinaldeko  arroka batean ipinitako kartelean, Josetxoren Etorbidea irakur dezakegu. Josetxo Mayor donostiarraren omenez izendatu zuten horrela, urte askoan garbitu, berreskuratu eta atondu izan dituelako bere kabuz Uliako bideak.
Basoa atzean utzi eta eremu irekiagoan sartuko gara. Txilar, iratze eta oteen domeinuak lurrean, eta kaioena zeruan eta labarretan. Sartaldera so eginez gero, Monpase lurmuturra ikusiko dugu, bertako eraikin militar eta zibilen aztarnekin. Sortaldean, berriz, oraindik egiteke dugun bidea, Ataloiko haitzak parez-pare eta urrutirago Jaizkibel mendia direla.
Bideak bihurka jarraitzen du, gora-behera ez oso neketsuan. Ataloiko haitzetan, bertako koba ikusi ahal da. Hots, harearriaren higadurak sorturiko estalpe modukoa, non haizeak eta euriak forma berezi eta bi­txiak eragin dituzten.
Tipi-tapa aurrera, Txoritxuluak eta Altuko ibar zintzilikatuak zeharkatuko ditu bideak. Bien artean, aldiz, Donostialdeko ur zikinak itsasoratzen dituen kilometro bateko hustubidearen eraikina dago. Bi ibarrek itsas labarretara hurbiltzeko aukera eskaintzen dute, eta talaia paregabeak dira amildegi bertikal ikusgarriekin harritzeko.
Altu igarota, Illurgita senadia inguratuko du xendrak, landaredi oparoaren artean;  senadiaren erdialdean, berriz ere agertuko gara Talaia bidera. Berehala, ordea, ezkerretara joko dugu berriz ere, itsasertzeko bidearen azken zatiari ekiteko.
Belardiak nagusituko dira hemendik aurrera. Lehendik, ura Donostiara garraia­tzeko bere garaian egindako ubidearen arrastoez baliatuko gara. Hala, bi tunel ikusiko ditugu. Bigarrena zeharkatuko dugu aparteko arazorik gabe: argia eramatea ez da ezinbestekoa, nahiz eta bai gomendagarria. Ondoren, ubidearen gainetik pasako gara pare bat aldiz.
Platako itsasargira heldu aurreko azken maldari ekin aurretik, belaze eremu zabal batean sartuko da bidea, amildegien ertzetik metro pare batera. Aldapa baino lehen­txeago, igarobide arriskutsua dago, asko gerturatzen delako amildegi ertzera. Alabaina, eskuinaldean gorantz doan bidea eginez saihets daiteke. Hala eginez gero, Talaia bidera agertuko gara. Batetik zein bestetik joan, berehala helduko gara aspaldi­txotik begien bistan dagoen Platako itsasargiaren aurreko zabalgunera.
Behin Platako itsasargira iritsita, errepidean kilometro eskas egin ondoren, eskailera batzuek eramango gaituzte Pasaiako badiara, Senokozulua itsasargiaren albotik. Dena dela, ez dago zertan txangoa bertan amaitu. Aukera dago Pasai Donibanera motora ezagunean igaro, Albaola Itsas Faktoria edo Pasai San Pedroko kaleak bisitatu, badiaren alde bietako jatetxe eta tabernetan mokadua egin edota, oinez jarraitzeko gogoa izanez gero, Uliako beste edozein bide hartuta Donostiara atzera egiteko. Bestela, nekeak erasanez gero ere, ez kezkatu: autobusa hartu eta buelta Donostiara!

Kontuan hartzekoak

Donostiatik Pasaiarako bidea 13 kilometro luze da. Ez du aparteko zailtasunik, baina gutxieneko eskarmentua izan behar da, eta arropa zein oinetako egokiak erabili. Tentuz igaro beharreko pasabide bat ere bada ia amaieran, baina saihesbide bat hartuta arrisku oro ekidin daiteke.