Irrien larrea

irrisarri

Penak zokora eta irribarrea ahora. Ikasturtean pilatutako nekeak alde batera uzteko eta adrenalinaz beteriko egun ederraz gozatzeko aukera eskaintzen du Irrisarri Land-ek (Igantzi, Nafarroa), naturak eta abenturak eskua elkarri ematen dioten lekua. Aitzakiarik ez uda honetan aspertzeko. Arkaitz Almortza.

Hodei grisak nagusi direnean, argi-izpiei bide egiten die irriak. Ba al da keinu goxoagorik? Bortzirietan, ongi dakite zer-nolako garrantzia duten barreek eta, hori dela eta, 750.000 metro koadroko eremu berdea eskaini diote alaitasun keinuari, Igantzi herrian. Irrisarri Land du izena. Abenturak biziz, naturaz gozatzeko aukera eskaintzen du guneak.   
Paisaiaren edertasunak harrapatzen du Irrisarri Landeko bisitaria lehenengo minututik, hau da, altxor berdea da natura. Horrexegatik, inguruaz gozatzeko bi ibilaldi eskaintzen ditu. Batetik, paisaiarekin disfrutatzeko txangoa. Orotara, 3,5 kilometro ditu, eta ibilbidean zehar, besteak beste, Lamien iturria (iturburua), belar metak edota karobiak ikus ditzake bisitariak, basoan murgiltzen den bitartean. Bestetik, abentura ibilbidea sortu dute, zuhaitzen artean zintzilik, hainbat jarduera eta ariketa mota egiteko. Ikusgarria eta ederra da oso txangoa amaitzeko zeharkatu behar den zubi tibetarra, Iberiar penintsulako luzeenetakoa, hain zuzen ere.
Hamaika dira inguruneaz gozatzeko eskaintzen dituzten jarduerak. Azpimarratzekoa da, esaterako, etxeko txikienei begira eraiki duten 1.600 metro koadroko gunea. “Haurrek beren aberria topatuko dute, nahi duten guztia aurkituko dute: animaliak, abentura zirkuitua, ohe elastikoak, tirolina txikiak, saskibaloi kantxa, puzgarriak, parkea...” azaldu du parkeko kudeaketaren arduradun Joxe Elgorriagak.
Halere, parkean gehien distiratzen diren izarrak adrenalina borborka ipintzen duten jarduerak dira. Europako Canopy park handiena da Irrisarri Land, kontinente zaharrean tirolina metro gehien dituen parkea baita: orotara, 3 kilometro, 8 tirolina; horietako batek 900 metroko luzera du eta 100 metroko garaiera, Estatuko luzeenetakoa da.
Beste jardueretako bat da pendulua, “sekulako tresna terapeutikoa”, lagun ausartentzat prestaturiko jarduera. Puentingaren antzekoa da. Erabiltzailea zintzilik dagoen plataforma batera igo, aurrera jauzi egin eta eta 40 metro luzeko jauzia egiten du, mugimendu pendularrean zintzilik geldituta.
Horiekin guztiekin batera, BTT-ak dira parkeko izarrak. Elgorriagak azaldu legez, Estatuko iparraldeko Bike Park garrantzi­tsuena da. Erabiltzaileek hainbat jaitsiera egiteko aukera dute, ibilbideak zailtasun mailaren arabera baitaude sailkaturik. Jaitsi ostean, 20 minututik behin dute igotzeko aukera, horretarako prestatu dituzten atoia bereziekin. Era berean, bizikleta gainean akrobaziak egitea maite dutenek Dirt Jump parkea izanen dute.  
Datozen hilabeteotan, alegia, udan, helikoptero bidaiak eskainiko dituzte asteburuetan. 20-25 minutuko hegaldiak dira (aparteko prezioa du). Zerbitzu horri esker,  parkea eta Bortziriak goitik ikusi ahal izango dituzte bisitariek, txoriek bezala, eta kostaldeko herriak ere airetik bisitatuko dituzte.
Atseden hartzeko guneak ere baditu parkeak, adibidez, Irisarri jauregia, XI. eta XII. mendeen artekoa, egun goi mailako hotela. Elgorriagak dioenez, hastapenetan Nafarroako erresumako armak biltzeko dorrea izan zen. Egun, Irisarri familiaren zuhaitz genealogikoa eta familiaren aztarnak ikertzen dihardute: “Jakin badakigu XIX. mendean Ameriketara joan zirela, eta mundu zabalean oso hedatuta dagoela abizena”. Horrenbestez, udazkenean topaketak eginen dituzte Irisarri abizena dutenekin, euren historia ezagutze aldera.
Jauregiaren gibelean, naturarekin bat egiten duten bordak daude Basajaun basoan. Artzainen etxolen egitura berarekin eraiki dituzte, eta iraunkortasunaren arauak izan dira zimenduak. Guztiek dituzte sukaldeak, komunak, egongelak eta logelak (ohe batekoak eta bikoak). Batez ere, beiratearekin geratzen dira bisitariak aho bete hortz. Izan ere, paisaiak bat egiten du etxolarekin, eta egongela barruan ardiak bazkatzen ari direla dirudi. Parkeak eskaintzen dituen aukeretako beste bat da Non Stop Inn aterpea, talde handientzat egokiagoa izan daitekeena. Bazkaltzeko lekuak ere badaude: batetik, Yrisarri hotelak jatetxe zerbitzua du, eta, bestetik, kafetegia ere badago.
Naturak eta abenturak oso bikote ona egiten dute, horren adibidea da Irisarri Land parkea. Baxi (basajauna) maskotaren eskutik, egun ahaztezina igaroko duzue bertan. Errutinatik at, alaitasunean murgilduta.

Informazio gehigarria
Zaldi irteerak
Parkeak, besteak beste, zaldi-ibilaldiak eskaintzen ditu: inguruneaz eta naturaz gozatzeko aukera ederra.

Sariak
Irrisarri Land Parkeak Turismo Nafarroa 2015 saria jaso du aurten.  


Norentzako aproposa?
Irrisarri Land parkean, edonork aurki dezake bere txokoa. Oro har, familiak joaten dira gehien, baina gazte koadrilak edota ezkon aurreko agurrak ere ohikoak bilakatzen ari dira. Barnetegietako edo euskaltegietako ikasleentzat ere leku aproposa izan daiteke, giro euskalduna eta gaztea baitago parkean.

www.irisarriland.eu