Kresal usaina

lekeitio

Uda kostaldearekin lotzen dugu askok, sarri. Hondartza, itsasoa, uretako jolasak... Lea-Artibaik baditu itsasoarekin harreman estua duten herri eder bi: Ondarroa eta Lekeitio. Egun-pasa joango gara bertara, itsasoarekin loturiko jarduerak egiteko. Goizean, Ondarroako Arrantzaleen Kofradia bisitatuko dugu, eta ostean Ondarroako Arraun Elkartea. Bazkaldu eta gero Lekeitioko Santa Katalina Itsasargiaren txanda izango da. Txomin L. Aramaio.

Ondarroa

Portuko aparkalekuan utziko dugu autoa (doakoa da), gosari ederra jan eta pare-parean dagoen Arrantzaleen Kofradiara joango gara. Bisita aurretik lotuta egon behar denez, Ondarroako Turismo Bulegoarekin jarri behar da harremanetan. Arraina saltzeko modu berezia daukate, eta zeharo interesgarria da horren berri izatea. Berdelaren, antxoaren edota hegaluzearen kanpainan, Bizkaiko, Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako makina bat txalupa bertara joaten da arraina deskargatzera. Arraina badatorrela turrun edo sirena hotsaren bitartez jakinarazten zaio herriari.
Turruna entzutean, lehorrekoa denak ez du ulertuko zer gertatzen den, baina herri arrantzalean badakite ontzia portuan sartu dela eta arraina deskargatzen hasiko direla laster. Turrun edo sirena hots bakarra bada, atunarekin datoz arrantzaleak. Bitan jotzen badute, txitxarroa edo berdela dator, eta hirurekin, berriz, antxoa sartuko da. Gehiago joz gero, sutea edo ezbeharren bat gertatu da.
Turruna entzun orduko, dozenaka arrain erosle (handi zein txiki) kofradiara hurbildu eta tokia hartze duten beren jesarlekuetan. Izan ere, nork bere aulki zenbakiduna dauka. Arrainaren salmenta hasitakoan, bakoitzak behar edo ahal duen arraina erosteko aukera izango du enkante bidez. Goizeko 07:00etan egiten dute eguneko lehenengoa. Bisitan dagoenak eta, aipatu bezala,  aurrez hitzordua egina duenak, aukera izango du arrain erosleen rola hartu eta antzezturiko enkantean  arraina erosteko. Gomendagarria, zinez.
Bisita amaitu ostean, erdigunera hurbildu eta Alde Zaharra bisita daiteke. Erdi Aroko herrien lilura du Ondarroak; izan ere, eremu horretako kale aldapatsu estuek eta balkoi koloretsuek herri arrantzalearen xarma ematen diote. Hiru kale ditu Alde Zaharrak: Kale Handia, Txomin Agirre kalea edo Goiko kalea (bertan jaio zen Txomin Agirre idazlea) eta Ipar kalea. Ondarroako historian sute asko egon bada ere, hiru kaleotan oraindik eusten zaio Alde Zaharraren egiturari. Eraikin zaharrenen artean, Likona eta Etxe Handia dorre ikusgarriak daude. Hori bai, herriko eraikin kuriosoena eliza da. Haitz baten gainean eraiki zuten Andra Mari eliza. Apaingarri asko ditu, baina bi­txienak Kortxeleko mamuak dira. Elizaren kortxelean, goialdean, Erdi Aroko pertsonaiak irudikatzen dituzten zenbait eskultura daude: zalduna, soldadua, inudea, erregina... Handik Zubi Zaharrerantz jo eta arraun taldearen egoitzara hurreratuko gara.
Arraunaren mundua ezagutu, Arraun Elkartearen historiaren berri izan, hainbat traineru ikusi eta arrauna zelan erabiltzen den ikas daiteke egoitza barruko igerilekuan. Elkarterako bisita ere aurrez lotu behar da. Besoak nekatu ostean, pintxoa jatea onena. Zubi Zaharraren inguruko tabernetan aukera zabala dago horretarako. Bertako produktuekin osaturiko mokadutxoekin, tripakada ederra har daiteke: antxoa xerrak, hegaluzea kon­tserban, eguneko txibiak, txibierroak, legatza pla-pla eran... Al­txatutakoan, iritsi da ordua autoa hartu eta Lekeitiora abia­tzeko. Errebueltaz josiriko 14 kilometroan, “popabisteroen” (nudista) paradisua aurki daiteke. Izan ere, bainujantziarekin edo gabe, badaude hainbat kala eguzkia eta bainua hartzeko.

Lekeitio

Bainuaren ostean, Lekeitioko kanpoaldean dagoen Santa Katalina Itsasargia da hurrengo geldialdia. Nabigazioaren oinarriak ikasteaz gain, Elantxobetik Lekeitiorainoko itsas bidaia birtuala ere egin daiteke! Itsasargiko tabernan ezinbesteko  geldialdia eginda, Lekeitiora jaitsi beharra dago, tabernaz taberna ibiltzeko eta afaltzera joateko sasoia da-eta.

Informazio gehigarria
Ondarroako turismo bulegoa
Kofradia Zaharra
Erribera 9
Ekainaren 14tik irailaren 15era
Ordutegia: 10:30-13:30/17:00-19:30
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. / 946831951

Santa Katalina Itsasargia
Erreserbak eta informazio guztia: faro-lekeitio.com