Alemania

berlin'Coffe shop' deritzenak zabaldu nahi dituzte Berlingo barruti batean

Auzoan txikizkako droga-salerosketarekin amaitu nahian, coffe shop direlakoak ireki nahi dituzte Berlingo Friedrichshein-Kreuzberg barrutiko agintariek. Hau da, haxixa eta kalamua legez salduko dituzten lekuak zabaldu nahi dituzte. Antza denez, azken urtebetean txikizkako droga-salerosketak gora egin du auzoko Görlitzer parkean. Bizilagunak nazkatuta daude, eta poliziaren sarekada ugariek ere ez dute arazoa gutxitu, berdin-berdin jarraitzen baita parkean haxixa eta kalamua saltzen. Hori ikusita, barrutiko agintariek coffe shopak zabaltzea erabaki dute, horrek droga saltzaileen jarduna ezerezean utziko duelakoan. Coffe shop horietan, 18 urtetik gorakoek erosi ahal izango dituzte aipatu substantziak eta, gainera, bezeroek adituen aholkuak jaso ahal izango dituzte. Beraz, nolabait, zenbait arau bete beharko dituzte toki horiek. Barrutiko agintarien erabateko oniritzia du erabakiak, baina erakunde gehiagoren baimena behar dute ekimena martxan jartzeko. Hain juxtu, horrek eragotz6 dezake asmoa. Berlingo Udalak, esaterako, ez du begi onez ikusi  Friedrichshein-Kreuzberg barrutiko agintarien nahia, polizia gehiagorekin arazoa ez dela amaituko onartu badu ere. Hortaz, proiektua airean da oraingoz.