Lekeitio, kale antzerkiaren erdigune

KUKAI

Uztailaren 9tik 12ra, kaleko arteen ezinbesteko erreferentzia izango da Lekeitio, 26. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiari esker. Lau egunez, nazioarteko eta Euskal Herriko hainbat talderen lanak izango dira ikusgai herriko hainbat txokotan: Zanguango, Zozongo eta Markeliñe euskal taldeak, Barolosolo frantziarra... Gainera, ohi denez, jaialdirako beren-beregi egindako ekoizpenak ere aurkeztuko dituzte. Batetik, Kukai Dan­tza taldeak jaialdiarekin elkarlanean ekoi­tziriko Kukaikaxa lana ikusteko aukera egongo da, Kaxarranka eta Emakumeen aurreskua dantzak oinarri. Bestetik, suarekiko bi ikuspuntu, Euskal Herrikoa eta Kataluniakoa, batuko dituzte Foc ta ke (I) eta Foc ta ke (II) su-kalejirek. Lehena Lekeitioko Deabruek eskainiko dute; bigarrena, aldiz, Ball de Diables Mussols Sokarrats elkarte katalanak. Clownari eskainitako espazio berria ere edukiko du aurten jaialdiak: Abaroa Jauregiko parkea, non Mc Fois artista italiarrak eta Ola Muchin poloniarrak emanaldi bana eskainiko duten. Beste berrikuntza Arropaineko Arragua gunea izango da. Lekeition sortu eta ekoizteko gunea izanik, estreinakoz batu zaio jaialdiari, eta esperimentazioari, inprobisazioari eta parte-hartzeari loturiko lau ikuskizun eskainiko ditu.


lehiaketaEUSKARAZ bizitzeko nahiari irudiak jarri, nahi hori hedatu ahal izateko. Helburu horrekin antolatu dute Donostiako Zinemaldiak eta Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren 4. edizioa. Iaz bezala, aurten ere bi maila izango ditu: profesionalena eta amateurrena. Bi sailetan, orotara 5.000 euro baino gehiago banatuko dituzte saritan, eta, gainera, lanik onenak Donostiako 63. Zinemaldian eskainiko dituzte. Parte hartzeko epea zabalik da dagoeneko, eta abuztuaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak, beti ere 15 minutu baino gutxiagoko iraupena badute. Bai zehaztasun guztiak, bai iazko lehiaketan saritu zituzten film laburrak http://www.euskarazbizinahidut.eus gunean daude ikusgai.

LABURREAN

UMOREZ zipriztinduta, eguneroko errealitatea eta emakumea oinarri osaturiko hainbat pasarte biltzen ditu Datorren urtean hobea antzezlanak, Txalo Produkzioak-ek abuztuaren 13an Donostian estreinatuko duen lanak. Marta Buchaca, Carol López, Mercè Sarrias eta Victoria Szpunbergek lau eskutara idatzitako an­tzezlanean, hainbat emakume gorpuztuko dituzte Iraitz Lizarraga, Ainhoa Garai eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek. Martin Agirrek itzuli du, eta Begoña Bilbaok zuzendu.

KALERKIUZTAILAREN 2, 3 eta 4an egingo da Kalerki Zarauzko kale an­tzerki jaialdia, 9 taldek parte hartuta: Trapu Zaharra, Markeliñe, Pez Limbo, Lasala, Primital Bros,  David Moreno&Cia., Tiritirantes, La Compagnia Dromosofista eta El Espejo Negro. Ordutegiak eta emanaldien kokalekuak http://www.kulturazarautz.eus webgunean kontsulta daitezke.

DAGOENEKO zabalik da 38. Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia. Horrenbestez, irailaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak euskara hutsez egiten den zinema jaialdi bakarrean. Ohi denez, profesionalen zein amateurren lanek har dezakete parte, bi kategoriak izango baitira lehiaketan. Obrak aurkezteko, www.zinebilera.com gunera jo eta bertan bete behar da izena emateko orria. 38. Euskal Zine Bilera azaroaren 22tik 29ra izango da urteon.