Fehér isten (White God)

whitegod

Zuzendaria: Kornél Mundruczó. Gidoia: Kornél Mundruczó, Viktória Petrányi, Kata Wéber. Aktoreak: Zsófia Psotta, Sandor Zsótér, Lili Horváth, Szabolcs Thuróczy. Hungaria, 2014.

Istorioa: Lili gazteak asko maite du Hagen, bere txakurra. Arrazakoak ez diren txakurrei zerga berezia ipintzen dietenean, Hagen halakoa denez, Liliren aitak uko egingo dio zerga ordaintzeari. Gainera, kalean utziko du txakurra. Lili saiatuko da hura topatzen, baina bien bitartean bereak eta bi jasango ditu Hagenek kalean, eta, azkenean, txakurtegian amaituko du. Haatik, beste ehunka txakurrekin batera ihes egin eta mendeku hartzeari ekingo diote animaliek.
Sariak: Iaz aurkeztu zuten filma Canneseko Zinemaldian, eta ez zuen nolanahiko estreinaldia izan, Un Certain Regard saria jaso baitzuen Mundruczóren lanak.
Onena: Europan arrazakeria indartzen ari den garaiotan (inoiz apaldu al da?), eta zenbait herrialdetan are nabarmenagoa denean, Hungarian, kasu, interpretazio ugari eskain­tzen ditu filmak: ezberdinarekiko giza portaera, indarkeria, mendekua... Ildo horretan, alegoriaren uretan murgildu ala ez, gogoetara bultzatzen du filmak. Hainbat genero nahastuta, gainera, ikuslea lotzeko gaitasuna du.
Txarrena: Genero nahasketa horren ondorioz, gorabeheratsua da filma. Une batzuetan interesgarria, ahul eta gatzgabea besteetan.
Eñaut Mitxelena