Udazkenean esango du agur Oskorrik

oskorri

Oskorri taldeak udazkenean egingo duen kontzertu bira batez luzatuko die adio-agurra bere jarraitzaileei. Ia 45 urteko ibilbide musikal etengabea horrela bukatzea erabaki du. Ibili horretan, taldekideek diktadura frankistaren garaian erdi ezkutuan egindako kantaldiak zein ondorengo urteetako kontzertu masiboak ezagutu dituzte. Hasieran Gabriel Aresti poetaren hauspo zorrotz eta bortitzaren laguntzaz, Oskorriko musikariek milioika kilometro egin dituzte, milaka kontzertu eskaini, ia 500 kanta grabatu eta 30 disko baino gehiago kaleratu. Historia luze horrek eraman du taldea hainbat euskal belaunaldiren soinu bandaren parte izatera, orain helduak diren garai bateko gazteena nahiz gaur egun eskolan haien kantak abesten dituzten haur txikiena. Hauek izango dira azken aukerak Oskorri kontzertu batean ikusi eta entzuteko: irailaren 6an, Getxon; urriaren 10ean, Baionan; 17an, Gasteizen; 25ean, Donostian; azaroaren 7an, Iruñean; 14an, Maulen; eta 22an, Bilbon.


HIRAHIRA taldeak V izeneko diskoa kaleratu du, bosgarren lana, hain zuzen ere, hamabost urteko ibilbidean. Hard rock amerikar kutsuko hamaika kantuk osatzen dute diskoa. Musikaren konposizio zainduan oinarrituta, esperientzia pertsonalak hizpide osatu dituzte hitzak gai sakonen inguruan: familia, hurrengo erronkak, taldearen ibilbidea bera... Printze urdina abestirako, Jare taldeko abeslari Mikel Bizar gonbidatu dute. Axular Arizmendi gidari, Mutrikuko AME estudioetan grabatu dute diskoa, eta osorik jarri dute entzungai Spotify atarian. Ibai Marin (ahotsa eta gitarra), Mikel Lazkano (gitarra), Manex Etxeberria (baxua) eta Alex Lobato (bateria) dira Hira taldeko kideak.

 

catalunyaCATALUNYA-EUSKAL HERRIA
Zenbait talderen artean
Hainbat, 2015

Katalunian eta Euskal Herrian, musikaren industriako hainbat enpresa elkartu dira, lankide­tzan arituz bi herrialdeen arteko kultura trukaketa sustatzeko. Hala, Korrontzi, Hesian, Vendetta eta Itzia­rren semeak euskal taldeen diskoen eta kontzertuen promozioa eta kudeaketa Kataluniako musika enpresek egingo dute; hemengoek, berriz, Els Catarres, La Sra. Tomasa, Buhos eta Txarango talde katalanena. Horien guztien kantak biltzen dira egitasmoaren emaitza den disko honetan. Hauek dira proiektua bultzatu duten enpresak: Exits, Musica Global Discgrafica, Discmedi, Sonde3, Kasba Music  eta Baga-Biga.

anestesiaZIRKULUTIK ESPIRALERA
Anestesia
Bonberenea Ekintzak, 2015

Bueltan da berriz ere Euskal Herriko eszenan hain esanguratsua bilakaturiko Anestesia taldea. 26 urteko ibilbidearen ostean, eta laster beteko direnean bederatzi urte azkeneko estudio lanetik, laukote zarauztarrak 13 abesti berri prestatu eta Zarauzko Fidelenea estudioan grabatu ditu. Aurkezpen gutxi behar ditu azken honekin estudioko bederatzi lan kaleratu dituen taldeak: bi maketa, iraupen ertaineko bat eta bost LP/CD. Ibilbide luzea izan arren, betiko ahots urratuarekin jarrai­tzen du taldeak, hardcoretik oso hurbil.