Folka eta abangoardia

oskorridiskoOSKORRI
Oskorri
(Xoxoa, 1979)

Oskorrik agur esango du udazken honetan, lau hamarkada luzeko ibilbideari amaiera emanda. Une egokia da, beraz, atze­ra begiratu eta 1979ko lan hau berreskuratzeko. Oskorri disko bikoitza izan zen (Elkarrek berrargitaratu zuenean, CD bakar batean bildu zituen bi diskoak) eta, nire ustez, taldearen lanik abangoardistena da, musika tradizionala esperimentazioarekin uztartzeko saiakera ausarta. Bai, herri doinuak badaude, baina Adela, Preso gaudenon ahoetatik, Zeren esperoan dago, Huelgan daudenei eta beste zenbait kantuk moldaketa harrigarriak, melodia konplexuak eta sonoritate arriskutsuak dituzte. Bestetik, Bixente Martinezek gitarrarekin egiten duen lan apartak Robert Fripp ekar dezake gogora. Hitzen aldetik ere taldearen lanik politiko eta erradikalena da (pentsatzekoa da Adela-ren testuak hautsak harrotuko zituela zenbait girotan).  Geroago iritsiko ziren Plazarik plaza eta Adio Ka­ttalina-ren arrakasta itzelak, urteurrenetako zuzeneko diskoak,  The Pub Ibiltaria egitasmoa eta abar, baina hori beste istorio bat da.
Gotzon Hermosilla