'Koldar hutsa zara' nobela, garai baten isla

 

 

 

koldar

Koldar hutsa zara eleberria (Erein) kaleratu du Aritz Gorrotxategik. Nobela “errealista” dela adierazi du idazleak, Donostian eta garai jakin batean kokatzen delako (lehen zatia, 1995-1996 urteetan; bigarrena, 15-20 urte geroago) eta garai horretako kontraesanen isla delako. Peru gazteak, nobelako per­tsonaia nagusi eta narratzaileak, zailtasunak ditu kolektibitatera, identitatera, lotzeko. Euskal familia tradizional eta abertzale batean jaioa, ohartzen da inguruko jendeak batere hausnartu gabe jotzen dituela ontzat hainbat ideia, baina berak ez du izan nahi artaldearen parte. Zenbait gai ditu hizpide nobelak: identitatea, sexua, sukaldaritza, hezkuntza sistema, iraultza... Euskal gatazka zeharka agertu arren, pertsonaiak zuzenean ukitu gabe, oso presente dago kontakizunean. Identitatearen kontzeptua desmitifikatzen du Gorrotxategik, naturaltasunez eta umorez, agerian utzita modu asko dagoela euskalduna izateko. “Nobela probokatzailea da, neurri batean” dio idazleak, “irakurle ba­tzuei irria eta beste batzuei errea eragingo die”.


ETXEBERRIAXABIER ETXEBERRIA eta Martin Etxeberria anaiek Gizon gogorraren sekretua (Elkar) nobela idatzi dute elkarrekin. Inauteriak hastearekin batera, Erre (gizon arrunta bera) bizi den biltegiaren ondoko lantegian hilotz bat aurkitu dute, urkatuta, kolpatuta, biluzik, belarri bat eta zakila moztuta. Patuak nahi izan du belarria Erreren eskuetara iristea. Bezperako mozkorraldiaren ondorioz arrazoia lainotuta, Errek ez du bakerik, hilketarekin zerikusia izan dezakeelakoan. Bezperako ibilerak argitu nahian, bart egondako putetxera itzuliko da. Horrenbestez, susmatu ere egin gabe, heriotzaren errudunen peskizan nahastuko da hondo-hondoraino. Thriller estiloan, emozioa piztea eta tentsioari eustea lortzen duen inauteri giroko eleberri ganberroa idatzi dute Etxeberria anaiek.

 

 

espedizioaESPEDIZIOA MENDI OROREN PISUA
Juanra Madariaga
Txalaparta, 2015

Malloryk V. Woolfen Bidaiaren amaiera liburua eraman zuen Everestera 1924an; Luchsingerrek R. M. Rilkeren Duiniar elegiak zeraman Shisha Pangman hil zenean; Alexander Lowek J.M. Caanen Postariak bi aldiz deitzen du beti elur-jausi batek irentsi zuenean... Madariagak Unai Elorriagaren SPrako tranbia eraman zuen Shisha Pangmara. Beraz, liburuko Lucas protagonistarekin konpartitu zituen espedizioko beldurrak eta literaturaren plazera.

 

argiaARGIA, LURRA, ZUHAITZA, ZERUA
Jon Gerediaga
Pamiela, 2015

Liburuaren izenburuak argi azal­tzen du idazleak ia ehun poema hauetan erabiltzen dituen gaiak. Izan ere, naturak berebiziko garrantzia du poeta bilbotarraren laugarren poesia bilduma honetan. Idatzi ere, aurreko lanetan baino soilago idatzi du Gerediagak: “Itsasoari begiratzen diot / haren gainazaleko argiei / begiratzen diet kostaldeko basoei / begiratzen diet haizearen / seinaleei adaburuetan / zeruari begiratzen diot. / Niri begira daude denak. / Ez dago eztabaida­tzerik /den guztia nire zain dago”.