Jende desegokia

desegokiaGaizka Zabarte
Susa, 2015

Erabat bat nator Martín Hache filmeko pertsonaia baten berba hauekin: “Beti egin behar da aurrera bizitzan, ikusmira hu­tsagatik bada ere”. Boteretsua da jakiteko nahia, harago joateko beharra, apur bat gehiago beti. Gera gintezke gutxieneko ezagutzarekin ase, baina jakin-minaren bigarren zatia jasateko latzegia da zenbaitentzat.
Niretzat, esaterako, kuriositate hutsagatik irakurri baitut eleberri hau, izenburuak erakarrita. Baita Peter Zuazo protagonistarentzat ere, Uzkitik isuritakoak poesia-liburuaren eta Postariaren mendekua ipuin-bildumaren egilea bera, postari ohi anakoreta bilakatua. Izan ere, jakin-egarriak bultzatuko du Desegokituen Elkartea delako batek daki zeri eran­tzutera, auskalo nork osaturikoa ikertzera, balihoa jazoko li­tzatekeena irudikatzera... Ondoren partekatuko ditu, gordin-gordin, aspaldiko oroitzapenak, bizitzaren gorabeheren gaineko gogoetak, pertsonon grina makurrenen galeria....
Topatuko ditu desegokituak, edo ustez desegokituak, eta haiek ere emango dute nork bere grinen berri, aipatu galeria are gehiago zabalduta. Horiekin batera, beste pertsonaia bat: Bilbo hiria. Ez, ordea, egungo Bilbo ustez dotore eta goi-mailakoa, baizik eta eguneroko bizimoduaren eta herritarren paisaia. Hitsagoa, beharbada, baina askoz ere interesgarriagoa... egokien aldean desegokiak bezala, ala?

Usoa Alberdi Fernandez