Erloju adimendunak

Ia bi urte dira orri honetan bertan
'smartwatch' hitza lehenengoz aipatu genuenetik. Janzteko gailuak etorkizun hurbila ziren orduan: esan zigutenez, hil gutxi batzuen buruan non-nahi ikusiko genituen lepoko, eskumuturreko, betaurreko zein erloju adimendunak. Ez ote ginen izan optimistegiak!
Gehien garatu diren jantzigarriak eskumuturrean jartzekoak dira. Kirol eskumuturreko adimendunak oso ohikoak dira. Gehienak ez dira oso ikusgarriak, baina ondo betetzen dute euren fun­tzioa: emandako pausoak, pultsua, loa eta abar kontrolatzea. Seguru nago kirolzaleei oso erabilgarriak egiten zaizkiela.
Horiekin batera, 'smartwatch' izenekoak ditugu: erloju adimendunak, sakelako telefonoen osagarri, hedapen ala imitazio izateko sortuak. Ez dago oso argi zer eta zertarako diren, eta horixe da beraien arazo nagusia.
Salgai ikusi genuen lehenengotakoa Samsung etxearen Galaxy Gear delakoa izan zen. Trastetzar hura sakelako osoa zen, baina eskumuturrari lotuta: zatarra, handiegia gorputz atal horretan jartzeko, baina txikiegia ukimen pantaila ganoraz erabili ahal izateko... Samsungek lehenengoa izan nahi zuen merkatu hori okupatzen, nahiz eta produktua bera porrot itzela izan. Haren atze­tik, beste batzuk etorri dira, Android Wear sistema eragilean oinarrituta, baina denek dute arazo berbera: kontzeptua bera ez dago argi.
Horien nahiko antzekoak dira Applek egunotan salgai jarririko Apple Watch izenekoak. Appleren betiko filosofiari jarraitzen diote: diseinu eder eta zaindua, esklusibotasuna, garestiak... baina, hortik aparte, Android Wear sistemaren arazo bera dute: ez dago oso argi zertarako behar ditugun. 300 euro lar­txo da sakelakoa poltsikotik atera gabe baliatzearen truke...
Beharbada, askoz ere argiago daukate Pebble etxekoek: gailu askoz sinpleagoa merkaturatu dute, zuri-beltzezko pantailaduna. Trukean, zazpi egunerako bateria dauka, baita kon­tzeptu argia ere: erlojua da, ordua jakiteko gailua; telefonoarekin lotuz gero, iraganean zer gertatu den edo etorkizunean zer pasatuko den esaten diguna.
Dena den, hiruretako batek ere ez du lortu, momentuz, arrakasta handirik. Porrot egin ote dute oraingoan behar berriak sortzen aritzen direnek?

Loturak, estekak, linkak...

http://www.android.com/wear/
Android Wear, Googlek erlojuetarako sorturiko sistema eragilea. Polita, bai, baina erabilgarritasun argirik gabea.

http://apple.com/watch
Appleren erloju adimenduna. Ederra, dotorea, garestia... eta aurrekoen arazo berberekin.

http://getpebble.com
Hiru erloju mota hauetan sinpleenak eta, beharbada, kontzeptu argiena dutenak. Zuri-beltzezko pantaila zuen lehenengo bertsioaren arrakastaren ondoren, bigarrena aurkezten ari dira egunotan. Koloretan, bai, baina jatorrizko espirituari eutsita: zazpi eguneko bateria, Android eta Applerekin bateragarria...