Futbola

sprayHesiak markatzeko, espraia erabiliko dute Brasilgo Munduko Futbol Txapelketan

Sakelan espraia dutela irtengo dira futbol-zelaira epaileak aurten Brasilen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketan. Izan ere, jokalarien hesien kokalekuak ondo zehazteko espraiak baliatuko dituzte epaileek, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren presidente Joseph Blatterrek jakinarazi duenez. Abenduan Marrakexen (Maroko) jokaturiko Kluben arteko Munduko Kopan, proba gisa baliatu zituzten espraiak, eta, Blatterren hitzetan, “taldeak, jokalariak, epaileak eta futbol federazioetako ordezkaritzak pozik agertu dira emaitzarekin. Ondorioz, Brasilgo Munduko Futbol Txapelketan ere erabiliko ditugu”. Lehendik ere egin izan dituzte espraiarekin probak beste zenbait txapelketatan, hala nola, iaz, 20 urtez azpikoentzako Turkiako Munduko Futbol Txapelketan eta 17 urtez azpikoentzako Munduko Futbol Txapelketan, Arabiar Emirerri Batuetan. Eta, antza, alde guztien oniritzia jaso du. Ez da harritzekoa, irtenbide erraza ematen baitio futbol partidetan oso ohikoa den arazoari. Normalean, futbol talde batek falta bat atera behar duenean, aurkariek hesia ez dute ipintzen dagokion lekuan. Ondorioz, baloiarekiko arauzko gutxieneko distantzia ez dute errespetatzen eta ahalik eta gehien gerturatzen dira baloira, falta jaurtiketa are gehiago oztopatu nahian. Horrek, jakina, eztabaida ugari sortzen ditu halako jokaldietan. Hortaz, espraiaren erabilera hedatuz gero, akabo ika-mikak.