Bizitzaren arrastoak

 

 

 

aitziberAitziber Garmendia

Pertsonen irudiaren pisuak urduritu egiten nau beti. Tira, irudiak berak baino gehiago, irudiari gazte eusteko moda hutsalak. Nondik dator aurpegiko zimurrak ezabatzeko sukarra? Nori bururatu zaio ederragoa dela bizi-arrasto oro kendu dioten begirada?
Etengabe erasotzen gaituzte gai honekin: orain botoxa, gero liftinga, hurrena kirurgia berritzaileren bat… Erasoa, beti bezala, borti­tzagoa da emakumeekiko gizonekiko baino. Zahartzea gehiago kondenatzen da emakumeengan gizonezkoengan baino. Zergatik? Betikoagatik, jendarte honen funtzionamendu naturala horrelakoa delako. Gizonezkoak berrogei urtetik gora “interesanteagoak direla” entzun nion lehengo batean 34 urteko emakume bati. “Eta emakumeak?” galdetu nion. Erantzuna gordina izan zen, espero ez duzun zaplazteko baten modukoa: “25 urtetik aurrera, maldan behera abiatzen gara”. Maldan behera noa, orduan? Ez naiz, bada, orain arte konturatu! Urteak pasa ahala, geroz eta lotura estuagoa sentitzen dut nire barruak dioenaren eta ispiluak kontatzen didanaren artean. Neure burua ikusten dut, eta bizitako guztia islatzen da nire gorputzeko zirrikitu bakoi­tzean. Barre egiten dudanean, begi inguruan agertzen hasi diren zimurtxoek gogorarazten didate bizitzan algara asko egin dudala. Bekokikoei, berriz, gerrako markak balira bezala, harro begiratzen diet... oinazearen arrastoak dira, agian, baina hori ere nik bizitakoa da; momentu gogorrenetan borrokatzeko gaitasuna izan dudala gogoratzen didate.
Ez dut irudi beti-gaztearen zurrunbilo horretan sartu nahi. Aktoreen lanbidean, baina, zaila egiten da askotan kontrako noranzkoa hartzea. Ez ditut 50 urte bete nahi 25 urteko aurpegia izateko desio itsu horrekin. Bizitza bizi egin beharko genuke, bizitakoak arrastoa utz dezala gure gorputzean, gure aurpegian, gure begiradan. Erakutsi dezala bakoitzaren irudiak pausoz pauso egindako bide luzea. Ederra da bizitza bizitzen jakin duen emakume baten begirada, mila arrasto, mila momentu eta bizipen, eta une bakoitzaren sinaduratxoa aurpegian. Niri begiratzen didatenean, horixe ikustea gustatuko litzaidake.