Haurrak ere pankarta atzean

lomce

Hego Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako 3. mailako haurrek oporrak dituzte jomugan dagoeneko, baina ikasturtea hasterakoan zehaztu gabe zegoen azterketa bati egin behar izan diote aurre pasa den hilean. Nafarroan, guzti-guztiek; Euskadiko Autonomia Erkidegoan, hainbat ikastetxetakoek baino ez, proiektu pilotu gisa. Alderdi Popularraren Espainiako Gobernuak onartutako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren (LOMCE) ondorio izan da proba hori. Aurten zortzi urte betetzen dituzten ikasleen hizkuntza eta matematika gaitasunak neurtzeaz gain, ikasteko arazoak garaiz antzematea ei du helburu. Guraso eta hezkuntza arloko eragile anitz, ordea, Lehen Hezkuntza arautzen duen dekretuaren aurka agertu dira, arau horrek hezkuntza estrategiak eta metodologiak aldaraziko dituelakoan, “argudio pedagogiko barik”. Hala, uste dute irakaskuntza azterketak gainditzera bideratuko dela, ikasketa prozesura bainoago. Legeak lege eta pedagogiak pedagogia, umeak tartean, zer eta nola ikasi behar duten erabakitzeko gauza ez diren “helduen” artean.