Zinema

orsonOrson Wellesek amaitu gabe utzitako film bat pantaila handirako bidean da

Hil zenetik 30 urte igaro direnean, eta haren jaiotzaren mendeurrena ospatu berritan, Orson Welles (Kenosha, Wisconsin, AEB, 1915 – Los Angeles, Kalifornia, AEB, 1985) sortzaile ezagunak amaitu barik utzitako The Other Side of the Wind filma estreinatuko dute. Ez da argitaragabeko filma plazaratzeko lehen saiakera izango, eta oraindik ez dute estreinaldirako data zehatzik jakinarazi. Halere, aurten estreinatzeko asmoa agertu dute ekoizleek. Welles 1970etik 1976ra aritu zen The Other Side of the Wind filmatzen, aldizka. Haatik, nahikoa diru lortu ez zuenez, bertan behera utzi behar izan zuen egitasmoa. Filmeko istorioak badu Wellesen bizi­tzarekin antzekotasunik: AEBetatik Europara joan ostean, garai batean izandako arrakasta berreskuratzeko asmoz Hollywoodera itzuli nahi duen zinema zuzendari baten ibiliak ditu kontagai. Dirudienez, filmaren abiapuntua izan zen 1937an Wellesek Ernest Hemingway idazlearekin izandako ika-mika eta borroka bat. Zuzendariak filmaturiko irudiak Parisen izan dituzte urteotan gorderik, 1.000 bat harilatan4, Wellesen Beatrice alabaren zaintzapean. Irudien eskubideek oztopatu dute haien erabilera. Alabarenak ez ezik, Oja Kodar aktorearenak eta L'Astrophore konpainiarenak ere badira filmaren ustiapen eskubideak. 2014an, ordea, Royal Road Entertainment konpainiak filma bukatzeko baimena lortu zuen, eta horretan ari dira orain. Lana diskrezioz egin nahi dute, Wellesen estiloa imitatuta. Lantegi zaila, zinemaren historiako egile handienetakoa izan baitzen Welles. Hori, baina, azken emaitzak erakutsiko du.