Araba Euskaraz

arabaDenok Gasteizera, euskara piztera!

Euskara pizteko gonbita zabalduta, ekainaren 14an egingo da Gasteizen Araba Euskaraz 2015. Hiriburuan izan arren, Oiongo San Bizente ikastolak antolatuko du Arabako ikastolen aldeko aurtengo jaia. Modu horretan, jende gehiago bertaratzea espero dute antolatzaileek. Izan ere, euren hezkuntza egitasmoa sendotzeko, ezinbestekoa dute aurtengo ospakizuna San Bizente ikastolakoek: bilduriko dirua ikastolaren hainbat azpiegitura berritzeko baliatu nahi dute, baita orain geldirik dauden jantokiko lanak berrabiarazteko ere. Gasteizko ospakizunean, Armentia ikastolaren laguntza jasoko dute Oiongoek. Hain juxtu, Armentiako zelaietan egongo da aurtengo Araba Euskarazen gune nagusia. Horrez gain, Mendizorrotzan eta Prado parkean ere izango dira ekitaldiak. Batzuetan zein besteetan, bertaratzen direnek ez dute aspertzeko betarik izango (informazio zehatza www.arabaeuskaraz.eus gunean topa daiteke). Hori bai, denek jasoko dute euskara erabiltzeko gonbidapen argia, Piztu euskara leloari esker. Euskara pitz dadin, hala Gasteizen nola Arabako Errioxan.