Irakaskuntza

eskolakEuskal eskola publiko txiki eta handien jaiak izango dira ekainean

Handitik txikira, ospakizunetik ospakizunera ibiliko dira datozen asteotan euskal eskola publikoak. Lehenik, ekainaren 7an, Euskal Eskola Publikoaren Jaia egingo da Elgoibarren. Handik astebetera, hilaren 14an, Gabirian izango dute hitzordua, Eskola Txikien Festan. Batean zein bestean, jaia izanen da nagusi, euskal eskola publikoaren aldeko aldarriarekin batera. Elgoibarren, Gustaten jata, jaku leloarekin eta Jata erlearen laguntzarekin azalduko dute eskola publikoaren garrantzia. Izan ere, erleak ekosistemaren biziraupenerako ezinbestekoak diren moduan, jendarteari bizirik eusteko hezkuntza beharrezkoa dela nabarmenduko dute. Antolatzaileek aipatu dutenez, “gure eskolak euskarazko eztia ematen die egunero gure haurrei, alegia, euskaraz bizitzeko aukera”. Bide horri bultzada emango diote ekainaren 7an Elgoibarren, ekitaldi mordoa antolatuta. Eskola Txikien Festan, aldiz, herri, auzo eta eskola txikiak bizirik daudela eta halaxe jarraitu behar dutela erakutsiko dute hilaren 14an. Hots, txikitasunean handiak direla, eta erabat beharrezkoak. Hori guztiori jai giroan bizi eta gozatu ahal izango dute Gabiriara gerturatzen diren guztiek. Bi ospakizunei buruzko informazioa honako webgune hauetan eskura daiteke: www.euskaleskolapublikoarenjaia.eus eta http://www.eskolatxikiak.org.