Garbitasuna

bizarraGizonezkoen bizarrak, zikinkerien biltoki?

Komunak bezain zikinak dira bizarrak. Horrela itzul daiteke Mexiko Berriko (AEB) Quest Diagnostics enpresak eginiko Beards are as dirty as toilets ikerketaren izenburua. Horri erreparatuta, ikerketaren mamiari buruzko zalantza askorik ez dago: gizonezkoen bizarrek germen eta bakteria piloa izan ohi dute, eta tartean partikula fekalak egon daitezke. Jakina, horrek ez du esan nahi bizar guztiak gorozkiz beterik daudenik. Ikerketa egiteko, hainbat boluntarioren bizarrak aztertu zituzten, eta topaturiko mikrobio eta partikula gehienak ohizkotzat jo zituzten ikerlariek. Nolanahi ere, zenbait boluntarioren bizarretan pilaturiko zikinkerian, gorotz partikulak ere agertu ziren. Beraz,  bizardunena baino, bizardun zikinena litzateke arazoa, bistan denez. Are gehiago, onartu beharra dago ikerketaren izenburua sentsazionalista dela. Lehendik ere egin izan dira antzeko ikerketak, eta emaitzak ez dira izan, inondik inora, hain desatseginak. Bizarretan milaka bakteria eta germen aurkitu izan dituzte, baina aurpegiko azalean topa daitezkeen berberak izan ohi dira. Hortaz, hainbat adituk nabarmendu dute bizarreko partikula horiek guztiek ez diotela kalterik egiten osasunari. Betiere eskuak eta bizarra garbi edukitzen badira, noski. Hori, ordea, ez da bizar kontua, higiene kontua baizik.