Hizkuntza

Palindromoak, saretik paperera

palindromoAzken urteotan zerorajasoa.com blogean plazaratutakoak bildu eta palindromo ariketen bilduma kaleratu berri du Markos Gimeno palindromo egileak. 131 AZA. Palindromo ariketak izena du liburuak eta, izenburuak ongi adierazten duen moduan, 131 palindromo ezkutu, “131 jolas-erronka”, eskaintzen dizkio irakurleari. Hitzekin jolasean aritu zale da Gimeno, eta aspaldi ekin2 zion ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin-berdin irakur daitezkeen testu eta esaldiak sortzeari. Horiek guztiak zerorajasoa.com blogean kaleratu izan ditu. Zehazki, astelehenero ariketa berria sareratu ohi du, erabiltzaileek aste barruan asma dezaten. Orain, liburua egileak berak crowdfunding bidez lorturiko diruaz ekoitzita, paperera ekarri ditu horietako asko. Bost, ordea, inoiz argitaratu gabeak dira. Palindromo ariketak enigma bereziak dira: pistak ematen ditu Gimenok, eta ezkutuko palindromoa asmatu behar du irakurleak. 170 orrialdeko liburuan, ariketak ez ezik, atazak egiteko azalpenak eta horien erantzunak ere batu ditu. Gainera, 131 palindromoen itzulpenak lau hizkuntzatan jaso ditu: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez.