Usaimena

Euskaldunon lurrin kuttunena?

basqueEuskaldunok badugu guretzako moduko lurrina. Basque du izena eta Suzy Larsen lurrin egile kanadarrak sortua da, bergamota, salbia, nerolia, laranja mikatza, haritz goroldioa, patxulia eta beste hainbat osagarriren esen­tziak erabilita. Lurrinaren sortzaileak berak dioenez, "lurrin hau Espainiako ipar-erdialdearen eta Frantziako hego-mendebaldearen arteko lurraldearen eta bertako jendearen omenez” egindakoa da. Ondokoa ere esaten du: “Atsegin dut lurrin pertsonalizatua egitea bidean topatzen dudan ororentzat”. Nor ote da Larsenek ezagutu eta Basque izeneko lurrina egiteko inspirazioa sorrarazi zion euskalduna? Probatu nahi izanez gero, jakizue 20 dolarren truke saltzen dela flaskoa, eta emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat dagoela. Larsenek bere webgunean dioenez, Mount Royal Unibertsitatean ikasi zuen aromaterapia, eta 2007an ekin zion lurrin erabat naturalak sortzeari, alkohol organikoa oinarri eta gai sintetikorik erabili gabe.