Parekidetasuna

goldEmazte kirolari gutxiago berrietako protagonista

Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko ikertaldeak xehetasunez jantziriko lana osatu du Londresko Joko Olinpikoen gaineko 2.167 albiste aztertuta, ondoko lau ardatz hauek oinarri: emakumea, kirola, Olinpiar Jokoak eta prentsa. Azken Joko Olinpikoetan, guztira 4.676 emakumek hartu zuten parte (kirolarien % 46k), kirol guztietan. Gainera, ordezkaritza guztiek izan zuten emakumezkoren bat taldean. Halere, parte-hartze parekide hori ez zen guztiz islatu prentsaren estalduran. Miren Berasategi, María Jesus Korkostegi, Ana Recalde eta Begoña Sanzen azterketak ondorioztatu du, besteak beste, zailagoa dela emakumeek albisteetan tokia izatea, dominarik lortu ezean: emakumeekin lotutako albisteen % 68an, kirolariak podiumera igo direlako dira berri. Gizonezkoei dagokienez, ordea, ehuneko hori askoz ere txikiagoa da, % 32koa, zehazki. Dominak lortuz gero, emakumeek eskuratzen dituzte egunkarien azaletako toki nagusiak, baina bestela  albiste laburretan egiten zaie tokia.