Osasuna

tabakoaMila milioi erretzaile inguru daude munduan

Erretzen duten lagunen ehunekoak behera egin du munduan azken hiru hamarkadotan, baina erretzaile kopuruak gora. Hain juxtu, munduko populazioa asko hazi delako beheititu da erretzaileen portzentajea. 1980An, 721 milioi erretzaile ziren munduan; 2012an, aldiz, 967 milioi. Washingtoneko Unibertsitatean (AEB) eginiko ikerketa batek jakinarazi ditu datuak JAMA (The Journal of the American Medical Association) izeneko agerkarian. Ikerlariek tabakismoaren prebalentzia aztertu dute 187 herrialdetan, 1982tik 2012ra bitartean. Gainera, sexu eta adina ere aintzat hartu dituzte ikertzaileek. Sexuari dagokionez, esaterako, gizonezkoen artean nabarmen igo da erretzaile kopurua: % 42. Emakumezkoen kasuan, igoera % 7koa izan da. Erretako zigarreten kopuruak % 26 egin du gora. Tabako kontsumorik handiena duten herrialdeak ere aipatzen ditu ikerketak. Horien artean dira, besteak beste, Txina, Irlanda, Italia, Japonia, Kuwait, Filipinak eta Europako ekialdeko zenbait herrialde. Jakina, tabakoak eragindako osasun kalteei dagokienez, herrialde horietako gizon-emakumeak dira tabakismo arriskurik handiena dutenak. Datu guztiak aintzat hartuta, ikerketaren egileek tabakoaren aurkako neurriak indartzeko beharra gaztigatu diote nazioarteari, baita Osasunerako Mundu Erakundeari (OME) ere.