Ahize-AEKren Serrats bezeroa, Bermeon saritua

serratsBermeoko Serrats kontserba enpresak XIX. Hegaluze Saria jaso zuen pasa den hilean Bermeoko Arrain Azokan. Serrats Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzaren bezeroa da 2007tik, kontserba enpresak orduan erabaki baitzuen bere hizkuntza paisaian euskararen presentzia areagotzea.
Arrain Azokako epaimahaiak, Hegaluze Sariaren bitartez, “enpresaren ibilbidea eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna” aitortu gura izan zituen, besteak beste. Esan beharra  dago Serratsek euskarari dagokionez ere jakin duela egokitzen. Izan ere, Ahize-AEK aholkularitzak proposatutako plangintzaren baitan, iaz urrats garrantzitsua eman zuen, produktuen etiketetan euskararen presentzia bermatuta. Enpresaren salmenten gehiengoa kanpo merkatura bideratuta dagoen arren, kontsumitzaile euskaldunak ere kontuan hartu nahi izan zituen Serratsek aurrerapauso horrekin. Beste urrats bat iazko Euskararen Egunean eman zuen, .eus domeinua erosita. Hala, dagokion tokia eskaini zion euskarari bere webgunean. Serratsek balio erantsia aitortzen dio gaur egun euskararen presentziari kalitatezko arrain kontserbak kontsumitzaileen esku jartzerakoan eta Bermeoren izena munduan zehar zabaltzerakoan.