Ez gara manifestuaren belaunaldia, pankartarena baizik

zabalaAne Zabala
Kazetari eta antzerkilaria

Kazetaria, antzerkilaria, abeslaria... -laria da Ane  Zabala (Bilbo, 1975). Gilkitxaro taldearen sortzaileetako bat izan zen duela 22 urte inguru, Galder Perezekin batera. Orain, Hamaika Telebistan ere badabil lanean, kazetari. Duela gutxi irabazi du Antzerki Arina Jardunaldietako Kriseilu saria, Aiora Sedanorekin batera, Galder Perezek idatzi eta zuzendutako Off the record antzezlan laburragatik. Botere gosea, eskrupulurik eza, merkantilismo harroputza... guztia 20 minutuan.


Kazetari rola jokatzen duzu obran...
Bai, baina ez dauka zerikusi handirik nire lanarekin. Oso kazetari tuntuna da, eta enpresari handi bat elkarrizketatzera doa. Antzezlanak kritika egiten die masa komunikabideei. Tragikomedia da, Galderren hitzetan.
Lehenengoz antzerki laburrean. Gustatu zaizu esperientzia?
Bai, Aiora eta biok primeran pasatu dugu. Hemen dena da arinagoa: muntaketa azkarragoa da, eta energiaren kontrola, ezberdina. Asteburu bakarrean, egunean hiru emanaldi egin ditugu. Nerbioak egunean hiru bider pasatzen dira, baina, oholtzan 20 minutu baino ez denez, bukatutakoan nekea ez da horren handia. Ikusteko ere gustuko dut formatua, oso proposamen dibertigarria da: pieza bat gustatzen bazaizu, gogoz geratzen zara; gustatzen ez bazaizu, aldiz, arin pasatzen da.
Off the record obrak izango du etorkizunik?
Saria irabazi dugu eta jendeari gustatu zaio, baina 20 minutuko pieza bat mugitzea zaila da. Agian luzatu egingo dugu, bi per­tsonaiek eta historiak gehiagorako ematen baitute. Udan jarriko gara berriro lanean, ea...
Dena labur nahi dugu: Twitter, 140 karaktere; elkarrizketetan, galdera laburrak; antzerkian, pieza arinak…
Tendentzia da. Gu ez gara manifestuaren belaunaldia, pankartarena baizik. Literaturan generoa osatzen dute ipuinek, antzerkian zergatik ez? Arriagan muntaia egitea oso zail dago, kar-kar!
Bilbon aurten jarriko da martxan Dan­tzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola...
Ez gara ezkorrak izango, baina, egia esan, berandu dator eta sektorea ez dago oso pozik: aspaldi eskatu zen eta aktore euskaldunok beste eskola batzuetan egin ditugu ikasketak, ofizialak izan ez arren. Oso aurkezpen ponposoa egin dute, baina ikusteke dago edukia, eta nola egingo duten. Gainera, Hezkuntza Sailarena da, baina EHUtik kanpo dago…
Galder Perez lankidea txikitako laguna duzu. Zure ibilbide dramatikoa ezberdina izango zen hura barik?
Agian ez nuen bide hau hartuko. Bera gabe hainbat gauza egin ditudan arren, oso gutxi izan dira. Bi urtez ibili nintzen aktore profesional, kazetaritza utzita, baina azkenean erabaki nuen nahiago nuela Gilkitxaron jarraitu.
Kazetaritzara itzuli zinen ezin delako aktore izatetik bizi?
Ez, umeentzako emanaldi piloa egin genuen hiru muntaia ezberdinetan, baina kazetari sena ere badut, eta lana suertatu zi­tzaidan. Aktorearena lan arriskatua da, baina lanbide guztiak bezala. Kazetaritzan ere ez gabiltza koheteak botatzeko moduan!

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Goizean goiz gustuko dudan kantu on bat entzuteak.
Zerk eragiten dizu barre? Barre errazekoa naiz, edozein txotxolokeriak.
Eta negar? Heriotzak, lagunak joateak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Goseak edota logurak.
Azkenaldian gustatu zaizun antzezlan bat? Su izan nahi, Metrokoadrokarena. Ederra!
Zer izan nahi zenuen txikitan? Denetarik: autobus gidaria, gozoki-denda bateko saltzailea, ballet dantzaria, errugbi jokalaria…
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Polizia.
Nor elkarrizketatuko zenuke gustura? Kontatzeko zerbait interesgarria daukan edonor.
M. Egimendi