Bakantzetan etortzen diren horiekin

Uda batetik bestera, Euskal Herriko karriketan gero eta turista gehiago sumatzen da; datu ofizialek ere goranzko joera erakusten dute. Garai batean batez ere lehenengo eta bigarren sektoreetan oinarritutako euskal ekonomian gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da zerbitzuen sektorea, eta, horren barnean, turismoa. Urteak dira gastronomia amu bihurtu zela turistentzat, eta Euskal Herriko leku batzuek pasa den mendearen hasieratik erakartzen dituzte turistak, batez ere kostaldeko herriek. Hori da, esate baterako, Hendaiaren eta Donostiaren kasua. Baina nork esango zuen duela hiru hamarkada Bilbo beltz hura turisten bilgune bihurtuko zela? Beti aurkitzen da hura gustukoagoa zuela esaten duenik, baina hori beste eztabaida bat da. Turista hartzaile bihurtu garen honetan, haiekin zer-nolako harremana dugun galdetu diegu eurekin lanean jarduten duten hiru euskal herritarri, Donostian, Hendaian eta Bilbon. Arkaitz Almortza, Egoitz Zelaia, M. Egimendi.

txutxu

“Turistak umore onean etortzen dira, oso atsegina da haiekin jardutea”

Kerik ez tximiniatik, turisten ilusioa baizik. Urtero, Donostiako txu-txu trenak ehunka bisitariri egiten die ongietorria, eta hiria aurkezten die. Joel Manrique (Donostia, 1977) da treneko gidarietako bat, bi urte eta erdi darama lan horretan.

Urtero legez, aurtengoan ere bisitari andana espero du Kantauri itsasoko perlak. Hiriak gauza anitz ditu kanpotik datozenei eskaintzeko; hori dela-eta, turistek askotan ez dakite nondik hasi hiria ezagutzen. Zalantza horren aurrean, txu-txu trena da irtenbide aproposenetako bat. 
Urte osoan lan egiten duen arren (azarotik martxora asteburu eta jaiegunetan), Aste Santutik aurrera ditu trenak egunik garrantzitsuenak. Bisitariari aukera eskaintzen dio Donostiako karrika nagusiak eta lekurik garrantzitsuenak ordu erdian ezagutzeko: “Oso modu onean etortzen dira guregana. Oporretan daudenez, gehienetan umoretsu izaten dira” dio treneko gidari Joel Manriquek.  
Bidaia hasi aurretik, ibilaldiaren berri ematen die treneko makinistak. Urgul mendiaren magalean dute abiapuntua, Urumea ibaiak itsasoarekin bat egiten duen lekuan. Bertatik irten eta, besteak beste, bisitariek ikusten dituzte Alde Zaharra, Bulebarra, Kontxako badia, Antigua auzoa, Artzain Onaren katedrala eta Kursaala. “Asko gusta­tzen zaie ibilaldia, oso bira lasaia da eta trenetik dena oso ongi ikusten da. Gainera, azalpenak audio-giden bidez entzuteko aukera dutenez, hiria hobeto ezagutzeko parada dute”. Hala, txangoa amaitutakoan, bisitariek badakite nondik nora ibili. Hori bai, gehienek helmuga berera jo ohi dute: Alde Zaharreko taberna eta jatetxeetara.
Kultur aniztasunak margotzen du Donostiako trena. Hainbat jatorritako bisitariak igotzen dira bertara, baina “nabari da Frantzia gertu dagoela”, lagun asko etortzen baitira handik. Halere, denboraren joan-etorriarekin, turistaren profila aldatzen ari da pixkanaka, gero eta errusiar eta txinatar gehiago baitago: “Azalpenak ulertzen ez dituzten arren, trenera igotzen dira, hiria ezagutzeko gogoa izaten baitute” Manriqueren hitzetan, “lanak aukera eskaintzen dit hainbat herrialdetako herritarrak ezagutzeko, oso aberatsa da”.
Atzerriko bisitariak umore onez egoten dira, baina are umoretsuago Euskal Herrikoak eta Espainiakoak, Manriqueren esanetan: “Askotan, jubilatuak etortzen direnean, haur txikiak bezala ibiltzen dira: alai eta zalapartari igotzen dira trenera eta abestu egiten dute bidaia osoan, baita jendea agurtzen edota bizilagunei loreak eskaintzen ere” dio irribarretsu. 
Anekdotak anekdota, Donostiako txu-txu trenak bi urte eta erdi darama hirian, eta dagoeneko hamaika bisitari garraiatu du. Denbora bera darama Joel Manriquek gidari lanetan: “Oso esperientzia ona izan da. Batetik, jende asko ezagutzeko aukera eskain­tzen du; bestetik, hizkuntzak praktika ditzakezu”. Izan ere, mintzamoldeak dira tren txu-txuari indarra ematen diotenak; azalpenak zortzi hizkuntzatan eskaintzen dituzte, audio-giden bidez: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, italieraz, katalanez, galizieraz eta alemanez. 2015eko uda ate joka dugu, eta Donostiako tren txu-txuak dagoeneko egin ditu berotze lanak urte osoan, aurtengoan izango ditugun bisitariei egonaldi ahaztezina eskaintzeko.

hendaia

“Turistek hemen bilatzen duten lehen gauza gure bizi kalitatea da”

Kanttu izeneko ostatu bat bada Hendaiako kasino zaharraren inguruan, bertan atzeman dugu Pierre Sallaberry, hendaiarra eta ostalaria. Une honetan, lanengatik itxia da Kanttu, sukaldea jar­tzen ari baitira. Aurten arte, udan soilik ireki izan dute, baina hemendik aitzina urte osoa zabalik mantentzeko asmoa dute. 

Hendaiara turista anitz hurbiltzen da: ”Bai, Hendaian 18.000 biztanle badira, eta, egia erran, neguan oso jende gutxi hurbiltzen da. Turistak udan bakarrik heldu dira, apiriletik Omiasainduko bakantzak arte. Gehiengoa, uztaila eta abuztuan. Hendaiako populazioa 50.000 biztanlera heltzen da, pentsa! Gehienak Frantziako hainbat eskualdetatik etor­tzen dira, lasaitasun bila. Familia anitz hurbiltzen da eta, kanpinetan dabilen joan-jina ikusita, esango nuke diru anitz ez duten per­tsonak direla, hobeki erranik, aberatsak ez direnak baina, hala ere, bakantzetara joateko xantza dutenak”.
Etortzen direnek hemen kontsumitzeko ohitura dute: “Etortzen den gehiengoa hondartzaz gozatzeko heltzen da; ogitartekoak egin eta eguna han pasatu. Xantza dutenek surfa ikasten dute, Hendaiako hondartza lasaiak horretarako parada ematen duelako. Gauetan, jatetxe eta ostatuetara hurbiltzen da jendea, Hegoaldera joan gabe, beste giro baten bila. Joan aitzin, Hegoaldetik bai ala bai pasatzen dira, tabako eta alkoholaren xerka”.
Agian, hotz samarrak gara turistak jaso­tzeko garaian: “Nik uste ongi errezibitzen ditugula, nahiz eta batzuetan pixka bat salbaiak garen. Ez da ahantzi behar haiei esker lan anitz sortzen dela, eta pertsona anitz bizi direla horretatik”. Salbaiak garela uste dute, beraz? ”Nik uste preziatzen gaituztela” dio Sallaberryk, “bestenaz ez lirateke etorriko. Gure bizitzeko manera eta ingurumena gustuko dituzte, horregatik heltzen dira urtero. Batzuk gure herriko folklore bilakatu denaren bila: pilota, dantza emanaldiak, herri kirolak eta beste. Udan biderkatzen dira emankizun horiek, zorionez ala maluruski, nik bigarrena hautatuko nuke. Beste batzuek etxebizitzak hemen erosten dituzte... baina hori beste debate bat da!”. Hortaz, turista anitz folklorearen xerka heldu da? “Bai, baina, ene ustez, turistek hemen xerkatzen duten lehen gauza gure bizi kalitatea da. Gure ingurumena, bereziki: hondartza, mendiak eta erlaitza. Azken horrek ibilaldi eta jarduera asko  proposatzen ditu, Abadiako gaztelua barne izaki. Batzuentzat Hegoaldearekiko hurbiltasuna da erakargarria, eta besteentzat gastronomia”.
Ez dira kexatzen inguruez edo janez, baina kexatu kexatzen dira: “Ez ditugu beti ongi errezibitzen, ez eta merezi duten errespetua ematen ere. Nork ez du sekulan esan ‘zein aspergarriak diren kospei hauek!’. Hitz hori oso itsusia da, "congé payé" edo “ordaindutako bakantzak” esanahitik hartua baita, jakinik zer egina izan den eskubide hori lortzearren”.
Halere, positiboki ere harrituko ditugu: “Gehien harritzen dituena da hemen zein ongi bizi garen ikustea, nahiz eta guk ez dugun beti hori pentsatzen”. Batzuetan, euskarak ere harrituko ditu, “askorentzat, surrealista da euskara eguneroko bizitzan erabiltzen dugun hizkuntza dela ohartzea, baita ikastolak existitzen direla ere”. Anitzetan ez dakigu bisitariei zer erran: “Bisitan heldu direnei ongietorria emanen nieke, eta gure herriaz goza dezatela erran, baina gure identitatea eta historia zein diren ezagutzera gonbidatzen ditut”.

bilbo

“Lana pertsonekin egiten dugu, gerta daiteke inprobisatu behar izatea”

Jon Arroita (Basauri, 1971) gida duela zortzi bat urte hasi zen bertokoei zein turistei gure lurraldea erakusten, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez… eta azken boladan, batez ere, italieraz. Kanpoko bisitariei dagokienez, ohiko lantokia Bilbo duen arren, inguruko beste zenbait leku erakusteko ere deitzen diote turistak hartzen dituzten enpresek.

Oro har Bilbotik abiatuta, Donostia, Gasteiz, Getaria, Zarautz, Arabako Errioxa... erakusten dizkie Arroitak turistei. Bilbon, batik bat Alde Zaharra eta Guggenheim museoa: “Ia beti euren autobusean egiten da txangoa, Zabalgunetik ere pasatuta. Inguruetan, berriz, leku bisitatuenak Bizkaiko Zubia, Gaztelugatxe eta Gernika izaten dira”.
Bisitarako talde politenak 20-25 lagunekoak dira Arroitarentzat: “Gehiago ez da komeni, eta gutxiago badira, kostatu egiten da hasierako elkarrizketa sortzea”. Hori lan tresna handia da Arroitarentzat, taldearen interesak ezagutzeko: “Prestatutako ibilbidearekin hasten naiz, baina, bisitariek bestelako interesak dituztela jakinez gero, ez dut batere arazorik aldatzeko. Adibidez, katedrala ikustean erlijio artea interesatzen zaion jende asko dagoela ikusiz gero, Begoñara eramango ditut, aurreikusita egon ez arren. Lana pertsonekin egiten dugu, gerta daiteke inprobisatu behar izatea”. Kaleko bizitza erakustea gustatzen zaio gehien: “Azken batean, Bilbo eta halako hiriak ezagutzeko kalean ibili beharra dago”.
Bilboko auzoetan esan ohi da hiriak ez diela benetako aurpegia erakusten turistei, baina Arroitak batzuetan eramaten ditu ohikoak ez diren lekuetara ere: “Turisten artean, denetarik dago. Alde Zaharrean, batzuetan galdetu izan didate zer dagoen ibaiaren beste aldean, hots, San Frantziskon, Kortesen… Kontatu eta joan nahi izan dutenean, inolako traba barik eraman ditut, zergatik ez? Taldeek ez dute zerikusirik edukitzen euren artean, ez da batere lan errepikakorra, horregatik gusta­tzen zait”.
Bezeroen gustu zehatzagoetara egokitutako bisitak ere prestatzen ditu: “Inoiz eskatu izan didate autobusarekin San Mamesetik pasatzeko; orain, gainera, sano ederra ikusten da Euskalduna zubitik”. Aurtengo otsai­lean, berriz, Torinok Athleticen aurka jokatu zuenean, zale italiar batzuek Bilbo eta futbola lotuko zituen bisita eskatu zuten: “Bilboko armarrian ageri den San Anton elizan hasi ginen, Athleticen armarrian Bilbokoa agertzen delako. Gero Pichichiren jaiotetxea ikustera joan ginen; ondoren, Athleticen egoi­tza ofiziala den Ibaigane jauregira; Guggenheimen ondoko La Campa de los ingleses delakora, hor jaio zelako futbola bilbotarren artean... Poza kalera ere eraman nituen, partida aurretik giroa non egoten den erakusteko”.
Turisten aurreikuspenak betetzen omen ditu Bilbok: “Etortzen dira pentsatuz Guggenheimetik aparte ez dagoela ezer, eta joaten dira esanez itzuli egingo direla. Oso hiri bizia topa­tzen dute eta janariak asko laguntzen du. Aten­tzioa ematen die, esaterako, kaleak garbi egon arren, pintxo tabernetako mostradore azpiak zapi zikinez beteta egoteak. Asko harritzen ditu, halaber, jendea kalean txikiteoan ikusteak. Argazki errepikatuenetakoa izango da jendez betetako Santa Maria kalea, Erriberatik aterata, bukaeran Yhon jauregia duela”.