Sexu aisialdirako lokala etxe ondoan?

 

 

 

 

ikamika

Eztabaida piztu da Gasteizko Salburua auzoan, sexu aisialdirako pub bat dela-eta. Negozioaren sustatzaileek udarako zabalik nahi dute, baina iragarpenak iritzi kontrajarriak sortu ditu. Auzotar batzuk aurka agertu dira: jolas parke baten aurrean egonik, kokapen desegokia duela uste dute eta sinadura bilketari ekin diote, ez dezaten lokala auzoan ireki. Beste batzuek, ordea, ez diote inolako arazorik ikusten. Bikotekideen trukerako lekua izango dela aipatu da, baina pubaren sustatzaileek azaldu dutenez, asmoa da ohiko errutinatik irten eta sexua beste era batean bizitzeko aukera eskaintzea bezeroei, propio prestaturiko azpiegiturekin. Betiere bezeroen erabakimen, askatasun eta adostasunean oinarrituta, pribatutasuna eta intimitatea bermatuta eta lokaletik kanpo ez sumatzeko moduan. Nola erreakzionatuko zenukete zuek, etxe ondoan halako lokala izanez gero? Aranako B2 mailako goizeko zortzietako taldea.

1. Guillermo

Argi dago balio judutar-kristauek gure barnean jarraitzen dutela, izan ere, sexuarekin lotutako kontuekin barruan dugun puritanoa beti ateratzen da pontifika­tzera. Horregatik, elizak historikoki gure ongizateari egindako ekarpena eskertzeko, “zeruko ateak” irekita egon beharko lirateke apaizentzat eta mojentzat, ezta?
2. Iñaki

Ondo iruditzen zait, auzokideen eskubideak babesten badira eta egunerokotasunean kalte­tzen ez badira. Azken finean, guztiok eduki behar ditugu aukerak legearen barruan nahi duguna egiteko, eta aukera ona izan daiteke Gasteizko turismoa sustatzeko, inguruko hirietan horrelakorik ez dagoela entzun baitut.
3. Saioa

Nik ez dut arazorik ikusten. Ohiko baimenak eskuratzen badituzte, ez dago ez irekitzeko arrazoirik. Dena dela, honen inguruan badago hipokresia puntu bat. Kokapenaren aitzakiaren atzean, praktika mota hauen aurkakotasuna dagoela iruditzen zait, eta bakoitzak bere gorputzarekin nahi duena egiteko eskubidea dauka.
4. Txoto

Euskal Herrian, sexuaren alorrean, oso nota baxua dugu. Esaten dute hemen sexu harremanak mirariak direla. Gasteiz, bizitzeko, oso hiri erosoa eta polita da, baina oso aspergarria. Ez dakit lokal hau leku aproposenean dagoen, baina horrelako gauzak Gasteizen beharrezkoak dira.
5. Ruben

Nik ulertzen dut polemika,  gauza guztiz berri baten aurrean gauden heinean. Errepidean ikusi ohi diren pub argitsu horien pare jartzen dute, baina ez da bidezkoa. Lokal berri honek ez lioke auzoari inolako eragozpenik sortu beharko. Hala ere, ez legoke gaizki auzokideei beherapena egitea, ezta?

6. Arkaitz

Ez nago ados bikotekide aldaketa egiteko lokala irekitzearekin, oso hurbil parke bat dagoelako. Gainera, lekua ez da aproposa, edozein umek ikus baitezake. Gasteizen badaude leku hobeak hori kokatzeko.