2015eko uda ikastaroekin, EUSKAHALDUN!

forua

Martxoaren 29an Bilbon amaitu zen 19. Korrika arrakastatsuak hitz-joko ezaguna egin zuen, euskaldun eta ahalduntze hitzak elkartuta: euskahaldun! Nork bere ahalmena erabiltzera gonbidatu zuen AEK-k Korrikaren mezuaren bidez. Norberaren ahalmena euskara ikasten hasteko, ikasten jarraitzeko, mintzapraktika egiteko... Kontua ekitea da: eskua altxatu, hitza hartu eta plazan sartu. Udako eskaintzarekin, AEK-k hori azpimarratu nahi izan du: udan ere aukera bikaina dago euskahalduntzen jarraitzeko. Horretarako prestatu du eskaintza zabala barnetegietan nahiz euskaltegietan ikasteko, on-line barne. Helios Del Santo.

Euskalduntze barnetegiak


Zer egiten da barnetegi batean? Hasteko, euskaltegian egiten den gauza bera: hizkuntza ezagutzen jarraitu, hizkuntzarekin jolastu eta euskaldun bihurtzeko beharrezko urratsak eman. Hori bai, “udako euskaltegia” euskaraz bizi den herri batean kokatua dago: Arantza, Forua, Aduna, Zugarramurdi... Gainera, euskaltegitik barnetegirako jauzia oso agerikoa da: euskaraz gosaltzen da, euskaraz gozatzen da, euskaraz bazkaltzen da... euskaraz amestera ere iristen zara. Hau da, barnetegian euskara ikasten jarraitzen duzu, euskaraz bizi zaren bitartean. Inoiz ahaztuko ez duzun oporraldia izan daiteke, euskaldunago bihurtuta. Inork gehiago eskainiko?
Bestalde, barnetegien abantailak oso garrantzitsuak dira mailak egiaztatzeko azterketa prestatzeko asmoa dutenentzat ere. Hori dela-eta, propio horri begirako barnetegiak ere antolatzen dira, azterketa gainditzen laguntzeko, alegia.

Euskalduntze barnetegia   (A2-B1-B2-C1)
Arantzan (uztaila/abuztua) eta Foruan (iraila)
Uztailaren 6tik 19ra, uztailaren 20tik abuztuaren 2ra, abuztuaren 3tik 16ra, abuztuaren 17tik 30era eta abuztuaren 31tik irailaren 13ra. 90 ordu, 505 €.
C1 (EGA) azterketa prestatzeko barnetegia (Forua)
Abuztuaren 17tik 30era. 90 ordu, 505 €.
Euskalduntze mailetako (B1-B2) azterketak prestatzeko barnetegia (Forua)
Abuztuaren 31tik irailaren 13ra. 90 ordu, 505 €.
Euskalduntze barnetegia Urepelen (maila guztiak)
Uztailaren 20tik 31ra eta agorrilaren 3tik 14ra. 70 ordu, 630 €  (545 €  langabeentzat)
Euskalduntze barnetegia Urepelen (maila guztiak)
Uztailaren 20tik agorrilaren 14ra. 140 ordu, 1.197 €  (1.035 €  langabeentzat)
Xiberera ikasteko barnetegia Mendikotan
Uztailaren 20tik 25era. 45 ordu, 335 €  (290 €  langabeentzat)

Familia barnetegiak, harremanak sendotzeko


Ikusiko duzue badagoela etxeko txikiekin euskaraz bizitzea, haiekin ditugun harremanak euskaraz sendotuta. Barnetegi arrunten ezaugarriak dituzte, baina gehiago eskaintzen dute. Izan ere, familia, lana, lagunartea... izaten dira pertsona baten esparru nagusiak eta barnetegi hauetan horietan eragitea lor­tzen da, helburua oso argia delako: etxeko harremanak euskaraz izateko oinarria jartzea, ohiturak sendotzea.
Barnetegia hainbat unetan antolatuta dago. Goizean, helduek euskara ikasteko eskolak izaten dituzte, umeek mota askotako jarduerak egiten dituzten bitartean. Arratsaldean, guztiak batera aritzen dira aktibitateetan. Antolatuta dauden eskola, jarduera eta txangoez gain, familiako eta barnetegiko kide guztiak etengabe egoten dira harremanetan, eguneroko gauzetan elkarrekin, eta euskaraz: otorduetan, jolasetan, ipuinetan, kiroletan, errietetan, maitasunean...

Familia barnetegia (B1-B2-C1)
Uztailaren 6tik 17ra, Foruan eta Adunan. Uztailaren 27tik abuztuaren 7ra, Foruan. Abuztuaren 3tik 14ra, Adunan, Otxandion eta Zugarramurdin.
80 ordu, helduak 530 €  eta haurrak 285 €.

Barnetegi ibiltariak, mintzapraktika oinez zein bizikletaz


Euskara ikasi ahala, gehien gustatzen zaiguna erabiltzea da, ohartzen gara erabiliz askoz gehiago ikasten dugula. Bestalde, dakigun hori erabiltzea munduko gauzarik ederrenetakoa da guretzat, gai bihurtzen garelako egunerokotasunean euskaraz komunikatzeko. Euskara euskaltegiko errealitatea gainditzen hasten da eta plan desberdinetan murgiltzen gara, ikasten jarraitzeko asmoz eta, bereziki, ongi pasatzeko eta euskaraz bizitzeko. AEK-k udarako gordeta duen opari honek bete-betean egiten du bat kontatu dugun horrekin: mintzapraktika egiteko aukera bikaina, taldean, Euskal Herria oinez edo bizikletaz zeharkatu bitartean. Euskal herritar askok desiratuko luketen plana euskara maila polita eskuratu dutenentzat eta euskara ikasten ari direnentzat da, alegia, praktikatu nahi duen ororentzat. Batek baino gehiagok errepikatu du... zerbaitegatik izango da, ezta?

Ibiltaria, oinez Euskal Herrian zehar (Areatzatik Izabara).
Uztailaren 18tik abuztuaren 1era. 530 €.
Ibiltaria, bizikletaz Euskal Herrian zehar ­(Urduñatik Zarautzera).
Abuztuaren 1etik 14ra. 530 €.

Euskaltegiak, ikastaro trinkoak aukeran


Gure bizitzako gauza asko ikasturtetan antolatuta ditugu, euskaltegian normalean urritik ekainera izan ohi den ikastaroaren antzera. Hala ere, euskaldun­tze prozesua ezin da hil zehatz batzuetara mugatu. Horren ondorioz, barnetegietan eskaintzen diren aukerez gain, euskaltegi askotan hainbat ikastaro antolatzen dira udan, helburu berberarekin: euskara ikasten jarraitzea, euskaraz bizitzeko. Gure ezagun asko udako ikastaro batean hasi ziren euskara ikasten. Izan ere, udan astia izaten dugu horrelakoak egiteko eta, ikastaro trinkoei esker, hilabetean bultzada handia eman diezaiokegu euskara ikasteko abenturari. Bestalde, hainbatentzat ezinbestekoa da hiru hileko etenik ez izatea, oso garran­tzitsutzat jotzen baitute udan ere ikastaroak eskura edukitzea. Azkenik, azterketak prestatzeko ikastaro berezituak ere eskaintzen dira AEKren euskaltegietan, xede bereziko barnetegien an­tzera. Galdetu prezio zein ordutegiak zure ondoko euskaltegian.

On-line ikastaroak


Aintzat hartzekoa da, halaber, e-uskaltegiaren udako eskaintza. Azken urteotan, on-line ikastaroak sendotu egin dira eta, gainerakoen gisan, “on” daude udan.

Euskalduntze mailetako (B1-B2-C1) azterketak prestatzeko ikastaroak
Uztailaren 1etik irailaren 26ra. 100 ordu, 342 €.
Hobekuntza ikastaroa
Uztailaren 1etik irailaren 26ra. 100 ordu, 342 €.
3. maila/C1 gainditu ondoren, euskara maila hobetzeko edota hurrengo ikasturtean 4. maila egin nahi dutenentzat.
C2 (4. maila) azterketa prestatzeko ikastaroa
Irailaren 1etik 26ra. 40 ordu, 200 €.
BOGA ikastaroak
Uztailaren 1etik 26ra. 72 ordu, 218 €.