Likoreen iragana eta oraina

gin

Euskal Herriko destilategi zaharrena da Amurrioko Acha; iraganeko tradizioari jarraipena emateko lanean ari da bosgarren belaunaldia. Ivan Santamaria.

Acha destilategiak 131 urte daramatza Amurrion likoreak ekoizten. Enpresa bera zaharragoa da, gainera. Alkoholdun edariak produzitzeko asmoz, Paul Pomes frantziarrak ireki zuen 1831. urtean, Bilbon. Haren bazkide izandako Manuel Atxak bereganatu zuen negozioa ondoren eta, ekoizpena Aiaraldera lekualdatu zenetik, bost belaunaldi iraun duen familia-enpresaren etorkizuna bideratu zuen.
Orain dela mende bat baino gehiago eraiki zen leku berean jarraitzen du adreiluzko fabrika zaharrak, Amurrioko tren-geltokiaren ondoan. Ez hori bakarrik, XIX. mendean erositako alanbike ikusgarrietan destilatzen dira oraindik alkoholdun edariak. Gaur egun, ehun likore inguru egiten dira Achan, batzuk marka propioarekin eta beste batzuk enkarguz. 30 langile ari dira bertan, eta gehienek urte asko daramatzate lantegian.
Lantegiaren historia luzean, era askotako edariak egin dira bertan. Acha anisa edo kina ardoa ia hasieratik egindako produktuen artean daude. Edari ezagunenak bi izango dira, ziur asko. Alde batetik, pa­txarana dago. “Oraindik ere etor­tzen zaigu eskualdeko jendea basaranak saltzera, patxarana betidanik egin dugu modu berean” azaldu du Agustin Martin destilategiko kudeatzaileak. Beste edari marka ezagun bat Karpy da, laranja zaporeko likorea. “Herriko jendeak etxean jaten zituen laranjen azala saltzen zigun. Ez zen ezer galtzen” azpimarratu du Martinek.
Lantegitik buelta bat ematea nahikoa da enpresaren nortasunaz jabetzeko. Afixak eta botila zaharrak daude non-nahi barreiatuta. Laborategi txiki batean, edariak egiteko nahasketak bilduta daude. Edari bakoitzak behar dituen osagarriak bertan prestatzen dituzte, bertan beratzen dituzte.
Destilategiaren bihotza bi alanbike zaharrak dira. Lehen egunean bezala jarrai­tzen dute martxan, arazorik gabe. "Edariak egiteko prozesua artisautza-lana da erabat, lehen egunetik” azpimarratu du Martinek. Botilak paketatzeaz langileak eurak arduratzen dira. Biltegian era guztietako likoreak daude zain, garraiatzeko prest. Patxarana, bai, baina baita vodka, belar-likorea edo bermuta ere.
Gaur egun, Gabriel Atxak zuzentzen du enpresa. Harekin iritsi ziren aldaketa nagusiak. Berrikuntzan inbertitzeari ekin zion destilategiak, eta merkatu berriak zabaltzen ahalegindu zen. “AEBetara, Txinara, Errusiara edo Europara ari gara esportatzen. Merkatua eta joerak aztertzen ditugu, eta egoki daitekeen produktua eskaintzen dugu, edo bestela berariaz prestatzen dugu” azaldu du Martinek, Txinan saltzen dituzten garezur formako botila batzuk erakusten dituen bitartean.
Jauzi hori eman beharrekoa zela uste du, merkatu hurbiletan lehia oso handia delako. "Merkatuek ondo hartzen zaituzte, betiere kalitatezko produktuak eramaten badituzu”. Kudeatzaileak uste du hori dela gakoa eurena bezalako familia-enpresa bat aurrera ateratzeko.  “Familia-enpresa baten balio erantsia hori da: kalitatea eta prezio ona”.
Ginaren aldeko apustua
Likore batzuetan, aitzindaria izan da Acha. Orain dela urte batzuk, K-25 izeneko gina atera zuen merkatura. Ordura arte, kontsumitzen ziren gin premium guztiak inportatu egiten ziren. Hamasei destilaziorekin egindako edaria da, eta, gainera, Nerbioi ibaiko urarekin. “Beti saiatzen gara bertoko zerbait eskaintzen. Kasu honetan, ura izan zen. Proba batzuk egin eta gin fina, orekatua, atera zitzaigun, eta graduazio egokiarekin”.
Produktu “klasiko, tradizional eta kalitatekoa” egiten saiatzen dira, Martinen arabera, eta orain hamabost gin mota egiten dituzte Amurrion. Horietako bat Juan Mari Arzaken Bahia marka da. Berezitasun propioa du edariak, gainera: “Botila bakoitzak Kontxako badiako ur tanta bat darama. Eta badarama. Donostian ura hartu eta kopuru hori izan dezan nahasten dugu”. Bizkaian, Anubis izeneko gin marka merkaturatzen hasi dira. Izaera tradizional horretatik aldentzeko probak egiten ere hasi dira, esaterako, tonika ukituta arrosa kolorea hartzen duen Imagic izeneko gin berriarekin.
Fabrika zaharrak beste bi harribitxi gordetzen ditu barruan. Destilategiko azpialdean, likorearen museoa dago. Antzinako botilak, irudiak eta edariak egiteko tresnak erakusten dira. Bulegoen gainean, berriz, txirrindularitzaren museoa dute. Bizikletak eta irudi zaharrak daude bertan. Izan ere, garai batean, talde profesional bat ere sustatu zuen Acha destilategiak, Karpy izenekoa. Museo biak bisita daitezke Amurriko turismo bulegoaren bitartez.
Jendearen gustuetan izandako bilakaera bertatik bertara jarraitu ahal izan dute. “Pena ematen dit patxaranaren tradizioa galdu izana” dio Martinek. Egun, gin-tonika ari da nagusitzen bazkalondoko kopa gisa. “Hemen bizi garenontzat geure edaria izan da beti patxarana. Geure historia da, eta, gainera, asko laguntzen du digestioa egiten”. Hurrengo moda zein izango den inork ez daki, baina adi egongo dira Acha destilategikoak, likoreak alanbike zaharretatik ateratzen jarrai dezan.