“Gure irlak gero eta txikiagoak dira”

irla

Panamako Karibean, koralezko artxipelago batean bizi diren 28.000 kuna indigenak kezkatuta daude itsas mailaren igoeragatik. Arriskuak urrunekoa dirudi oraindik, baina tarteka uholdeak jasaten dituzte eta lurrak oso eskasak dira denentzat: hirurehun familiak kontinentera joateko plana egin dute dagoeneko. Ander Izagirre (www.anderiza.com)

“Hildakoak itsasontzietan sartu eta kontinentera eraman behar ditugu lurperatzera” dio Delfino Daviesek. Gardi Sugdub izeneko irla txiki batean bizi da, Karibean, Kuna Yala eskualdean. Uhartetxoa aldez alde lau minutuan zeharka daiteke oinez, itsas azaletik metro bat altxatzen da gehienez, eta 927 biztanleen txabolez gainezka dago. Ez dago hilerri baterako lekurik.
 Azaroan eta abenduan, haizete eta olatu handien sasoian, itsasoa irlara sartzen da batzuetan. Larrialdirik estuena 2008an izan zuten: “Goizeko ordu bietan hasi zen ekaitza” dio Daviesek. “Hasieran, trumoiak lehertu ziren, gero euria bota zuen oso gogor, teilatuko zinkaren gainean danborra jo­tzen arituko balira bezala. Ikaraz esnatu ginen. Goizeko lauretan, itsasoa etxoletan sartzen hasi zen. Olatuek banbuzko hormak bota zituzten. Hamar bat etxe galdu ziren. Okerragoa izan zen beste irla batzuetan, kanporago daudenetan. Coibitatik laguntza eske etorri ziren, itsasoa erabat estaltzen ari zelako irla. Ontziekin joan ginen Coibitakoak handik ateratzera”.
Kuna indigenen elezaharretan, behin eta berriz agertzen da mehatxu hau: gizakiekin haserretzen denean, itsasoko jainkoak irlak estali eta denak itoko ditu. Azken urteotan, aldiz, erretorika berria darabilte kunek: klima aldaketa, mundu mailako beroaldia, itsas mailaren igoera.
Herri anfibioa
Daviesek 44 urte dauzka, baina mutiko bat dirudi Gardi Sugduben galtza motzetan eta sandaliekin pasieran. Liraina da, bizargabea, kanela koloreko azalekoa, almendra-itxu­rako begiak dauzka, sudur zabala eta ezpain ertzetan soilik hazten zaion bibote­txoa. Itsasoan txitxarroak arrantzatzen ditu eta lehorrean, turistak. Kuna Kulturaren Museo txiki bezain betera eramaten ditu, jan­tziak, txirulak, totemak, tapirren burezurrak… ezagut ditzaten.
Kunak duela mende eta erdi iritsi ziren Karibeko San Blas artxipelago honetara, el­txoetatik ihesi; izan ere, Panamako mendietan bizi zirenean, malariaren mehatxupean zeuden. Kuna Yala eskualdean, 371 irla txiki daude, eta kunak horien arteko 50etan jarri ziren bizitzen. 28.000 biztanle inguru dira artxipelagoan, eta beste 40.000 kanpoan: kostaldeko herrixka gutxi batzuetan eta, batez ere, Panama Hirian emigratuta.
Irlek ez dute ur gezik, ezta lan daitekeen lurrik ere. Kunek, beraz, bizimodu anfibioa daukate: itsasoan bizi dira, kanoan joaten dira barboak, txitxarroak eta zerra-arrainak arrantzatzera, urpean birika hutsez murgil­tzen dira txangurru, olagarro eta otarrainak harrapatzera eta irletako paradisu txikietara turistak eramaten dituzte. Halere, kontinentera ere maiz pasatzen dira, artoa, juka, bananak eta barazkiak landatzera, ibaietatik ura hartzera, baita hildakoak lurperatzera ere. 
Ozeanoari metro batzuk irabazteko bere familiak etxolaren atzealdean egin dituen betelanak erakusten ditu Daviesek: “Hasteko, harkaitzekin horma bat egiten dugu uretan, itsasertza baino bost metro harago. Gero, harkaitz gehiagorekin eta lurrarekin betetzen dugu tarte hori, eta ondo zanpatzen eta trinkotzen dugu dena. Gure seme-alabak ezkondu egiten dira, umeak izaten dituzte, beraz, familia berriarentzako etxo­la baten beharrean izaten dira. Hortxe eraikitzen dugu, betelanaren gainean, lehen itsasoa zegoen lekuan”.
Duela gutxira arte, kunek koral puskak erabiltzen zituzten irlak handitzeko. Baina erremedioa gaitza baino okerragoa izan zen: arrezifeak desegindakoan, olatuak gelditzeko harresi naturala galtzen zuten eta uholdeak are larriagoak izaten ziren.
Gardi Sugdubeko berrehun familiak, eta aurretik Panama Hirira emigraturiko beste ehunek, izena eman zuten uhartetik alde egiteko. 2008ko uholdeen ondoren, 17 hektareako lursaila aukeratu zuten kostan; Panamako Gobernuak ospitale eta eskola banaren porlanezko eskeletoak altxa zituen bertan, eta 65 etxebizitzaren planoak ere marraztu zituen, baina gero proiektua bertan behera gelditu zen. Aurrekontuko dirua hondamendi naturalek beste eskualde ba­tzuetan eragindako kalteak ordaintzeko erabili zuen Gobernuak. Kuna Yalan, arriskua ez da hain gertu ikusten. Itsasoaren maila igotzen ari da, baina oso mantso.
Oso mantso, baina igotzen ari da. Panaman, kanalaren eraikuntzari esker, mareak 1907tik aurrera dituzte erregistratuta. Ordutik 2000ra arte, Panamako Karibearen maila 2 milimetro igo zen urtero. Azken hamarkadotan, igoera hori azkartu egin da: 1993 eta 2010 artean, ozeanoen maila 3,2 milimetro igo zen. Kuna Yalan, biztanlerik gabeko irlek 50.363 metro karratu galdu dituzte azken hogeita hamar urteotan. Biztanleak dituen irla bakoitzak, berriz, 1.105 metro karratu galdu ditu batez beste, betelanak egin arren.
Alarmismoa al da?
Zenbait kunak kontinentera joateko plana egin zuten; gehienek, ordea, ez dirudite kezkatuta. Uholdeen beldur dira, baina beti ezagutu dituzte; batez ere leku ezak bul­tzatzen ditu emigratzera.
Itsas mailaren inguruko kezka alarmista al da? Casilda Saavedra ingeniari zibila Panamaren ordezkaria da Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldean: “Mundu-mailako beroaldia oso fenomeno konplexua da, zaila da aurreikuspenak egitea” dio. “Baina itsas mailaren igoera ondoriorik ziurrena da. Arazoa da oso aldaketa mantsoa dela eta inork ez duela sumatzen neurriak hartzeko premiarik”.
Saavedraren azterketek frogatzen dute Panama lurra galtzen ari dela, zenbait hondartza eta azpiegitura turistiko mehatxupean daudela eta komunitate arrantzale batzuek beste leku batzuetara joan behar izan dutela, marea altuekin etxeak galdu zituztelako: “Panaman, dagoeneko baditugu desplazatu klimatikoak”.
Klima-aldaketari aurre egiteko planek denbora eta dirua eskatzen dituzte. “New Yorken edo San Frantziskon, oso proiektu aurreratuak dauzkate itsas mailaren igoerari irtenbidea emateko” dio Saavedrak. “Baina beste herrialde batzuetan, zailtasun handiagoak ditugu. Panamaren errua txikia da mundu-mailako beroaldiari dagokionez; haatik, ondorio okerrenak jasango dituen herrialdeetako bat da”. 
Beste uholde handi bat etorriko balitz?
“Kunak ez gaude prest larrialdi baterako” dio Atencio Lópezek, Kuna Yalako Ikerketa eta Garapenerako Institutuaren presidenteak. “Ez daukagu babes zibileko zerbitzurik, ezta ebakuazio planik ere, eta ez ditugu uholde-simulazioak egiten. Inork ez du ezer pentsatu”.
Delfino Daviesi erantzun bat bururatu zaio. Kuna Kulturaren Museoan, bernizatutako maskor erraldoi bat hartu du, futbol baloi baten tamainakoa, eta altxor bat balitz bezala heldu dio. Birikak puztu, maskorraren zulo batetik putz egin eta Gardi Sugdub irla osoan durunda egiten duen marruma indartsua igorri du. “Ekaitzak etortzen zirenean, gure arbasoek orroak botatzen zituzten maskorrarekin, hodeiak uxa­tzeko. Hori dela-eta, lasai gaude, ez zaigu ezer gertatuko uholdeekin”.
Laster, beste maskor-orro bat entzun da urrunean, eta gero beste bat. Jende gehiago ari al da Kuna Yalako atmosferan hodeiak bideratzen? “Ez, ez” dio Delfinok, “horiek arrantzaleak dira, portura datoz eta eguneko arraina iragartzen ari dira”.