Mendizaleari mimoak Zelatunen

zelatun

Gipuzkoaren ia-ia erdian, Hernio eta Gazume mendien tartean dagoen lepoaren izena da Zelatun. Hara joaten den mendizaleak badaki bertan bordak daudela, eta badaki, bordetan sartuz gero, zer aurkituko duen: nahi bada, salda; nahi bada, tragoxka bat; nahi bada, hamaiketakoa; nahi bada, bazkaria. Baina, batik bat, giro goxoa aurkituko du, etxean bezalako zerbitzua. Jose Anjel Aldai.

Aia eta Asteasu artean, Andazarrateko bidegurutzean gora iritsi gara Iturriozko benta ezagunera. Goizeko bederatziak pasatxo dira, larunbat goiz epelean. Oraindik ez dabil mendizale asko, aparkalekuan beste lau auto besterik ez baitago gurearen ondoan.
Hernio aldera igotzeko, bide ugari daude (Alkizatik, Tolosaldetik, Asteasu eta Larrauldik, Bidanitik, Errezildik, Azpeitia aldetik...), baina erabiliena Iturrioztik abiatzen den hau da, gozoena delako, beharbada, hurbil dagoelako ere bai, ziurrena (Zelatunera 45 minutu dira, pausoan, eta handik Hernio gainera beste 20 minutuan iristen da, gutxi gorabehera).
Gero bordan hamaiketakoa egiteko itxaropenarekin, ez dugu batere jatekorik hartu biderako; ura, ordea, bai. Oinetako egokiak, ur apur hori eta bideari laguntzeko makila nahikoa dira. Gaur, gainera, ez da aparteko arropa askorik behar; izan ere, haize pixka bat dabilen arren, pisu handirik ez dauka zeruak, eta ez du inondik ere euritarako itxurarik.
Bidea, esan bezala, gozoa da. Iturriotzen abiatuta, segituan aldapa dago, baina bost-hamar minutu igota lepo zabal batera aterako gara, eta handik aurrera ez dago aldapa handirik; igotzen da, baina pixkana.
Hosto gehienak mugitzen hasiak daude, koloreak biziak dira, pausotik pausora geratu eta argazkiak egiteko gonbitea egiten dute. Pinuak eta alertzeak lehen aldapan; gero pagoak, urkiak eta alertzeak gehienbat. Behin altura pixka bat hartutakoan, zuhaitzen aterpe handirik ez genuke izango, hala behar izanez gero. Elorria dago asko, eta, guk hartutako bidean, hurri­tzak ere bai. Oteak ikusi ditugu dezente, loretan, hori ikusgarri horiekin.
Bidean ez dugu ia inor ikusi: pare bat korrikalari, bata gora eta bestea, dagoeneko buelta eginda, behera, eta dozena erdi bat mendizale. Animaliarik ere ez da ikusten gaur: usnaka inguratzen zaizkigun mendizaleen txakurrak eta pottoka saldo bat belar berrian, besterik ez. Harritu gaitu, egia esan, ardirik ez ikusteak. Beheko baso-zuloan entzuten dira zintzarriak, baina ez dakit ardiak ala behorrak diren.
Hamarrak baino lehen iritsi gara Zelatunera. Hemen haizea zakarragoa da, jertsea jantzi beharko dugu. Hodeiak ilunago eta trinkoago ageri dira, baina eder askoak marrazten ditu hego-haize honek. Hernio eta Gazume arteko magal honetatik, iparraldera, Beterri ikusten da aurrean, azpian ia. Aurrerago, Donostialdea, Jaizkibel, Larrun eta Aiako Harria. Are urrunago,  zerrenda distiratsu batean, itsasoa, Ipar Euskal Herriko kostaldean.
Antonioren borda
Lau borda ditugu parean, baina bitan ematen dituzte mendizaleentzako otorduak. Gu Iturriozko bide nagusitik ikusten den lehendabizikoan sartu gara, Antonioren bordan, hain zuzen ere. Iparraldean beste borda txikitxo bat dauka, biltegi gisa-edo erabiliko dutena, eta haren ondoan erortzen ari den beste zahar bat. Antonioren borda bera mardula ikusten da. Kanpoaldean harria bistan dauka, teilatua berritua. Sarrera ondoan, mahaiak dauzkate ezker-eskuin, itzalpetan. Gizon bat dago ate ondoko mahaian salda hartzen. Hiru mutil gazte ura eskuan atera dira barrutik, eta Hernion gora doaz kontu-kontari.
Sartu gara barrura eta bi irribarre zain. Maria Jesus etxekoandrea eta izena galdetu ez diogun alaba ari dira gaur lanean. Ezer jateko goserik ez oraindik eta salda eskatu dut neuk ere. Segundo gutxi batzuen buruan etorri zait Maria Jesus: beste ezer nahi izanez gero, eskatzeko lasai.
Barrua ilunkara da lehen begiratuan, ez baitauka ia leihorik. Garai bateko borda da berez, orain beste zerbitzu bat ematen badu ere, eta ez zuten leihorik izaten apenas. Antonioren bordak bi baino ez dauzka teilatuan, bata sukaldea argitzeko eta beste txiki bat jantokian. Sartu eta eskuinera dago sukaldea, eta haren eta jantokiaren artean barra koskorra. Barratik gertu dago komuna. Ezkerretara, jantokia: sei-zortzi bat mahai luze badira gutxienez, denak hulezko zapiaz jantzita. Ondoko sua itzalita dago, baina badira inguruan ke arrastoak. Agian horregatik ilun itxura hau. Halere, txukuna da jantokia, garbia. Gurekin batera beste lagun bakar bat dago barruan, hamaiketakoa egiten ari da.
Sukaldean, lasai daude ama-alabak, eta gurekin hitz bi egiteko eskatu diogu Maria Jesusi. Maiatzaren hasiera honetatik urriaren bukaerara arte, egunero igoko da lanera bordara; bakarrik batzuetan, senarrarekin askotan, eta asteburuetan alabak-eta ondoan dituztela. Esan digu egunero-egunero, astegunetan, goizeko hamarrak alderako etortzen dela, eta, eguraldia ona bada, sei eta erdiak edo zazpiak arte egoten dela bertan lanean; laurak ingurura arte, eguraldi txarra badago. Asteburuetan, berriz, zor­tzi eta erdietarako hasten dira lanean goizean, eta ilunabarrera arte egoten dira hemen. Bera Urrestillakoa da, baina Errezilera ezkondu eta han bizi dira, baserrian.
Orain dela bost urte hartu zuten errentan Antonioren borda, eta pozik daude. Lana egin behar da, batez ere udan, baina egindakoaren ordaina jasotzen ari direla dirudi, jendetza ibiltzen baita. Igandeetan, eguraldi ona egiten badu, jatetxe handi bat ematen du honek, kanpo eta barru osoa beteta egoten baita.
Sekretua non dagoen galdetu diogu etxe­koandreari. “Zerbitzuan, beharbada” erantzun digu. Etxean bezala zerbitzatzen saiatzen direla dio, janari goxoa prestatzen eta goxo hartzen hona datozen guztiak.
Sekretua, agian, leialtasunean ere badago. Izan ere, egunero irekitzen dute orain, udan, eta astebururo negualdian, baita eguraldirik itsusiena denean ere. Elurra bada, oinez igotzen direla esan digu. Beraz, Herniora etortzen diren ehunka lagunek badakite bordak irekita aurkituko dituztela. Emakumearen esanetan, lotua da, sakrifizioa eskatzen du, baina, jendeari eutsi nahi bazaio, aurrera egin behar zaio.
Entsalada, paella, baba beltzak edo babarrunak izaten dituzte; bigarren plater, okela: txuletak, txahal saiheskia, xerrak, baserriko oilaskoa... Dena den, Maria Jesusek argi dauka hau borda bat dela, aparteko luxurik gabea. Prezioak, egia esatera, ez zaizkigu garestiak iruditu, mendian emandako zerbitzua izateko. Hala behar duela dio Maria Jesusek, ez dela komeni herrian baino prezio garestiagoak jartzea, hona datorren bezeroak  honaino etorri behar duela-eta.
Atzerritarrak tarteka
Zer jende mota etortzen den galdetuta, gazteak aipatu dizkigu, ume txikiak dituzten bikote gazteak, egun-pasa. Gehienak mendizaleak, baina ez soilik horiek: artzainik ez dago orain borda hauetan ardiekin lanean, baina artzainak etortzen zaizkie, baita inguruan ehiza postuak dituzten ehiztariak ere. Eskolaume taldeak ere orain, udaberrian. Betiere euskaldunak gehienak. Tarteka, atzerritarrak ikusten omen dituzte. Zarautza urtero etortzen diren hogeita hamar alemaniarren bisita izan zuten iaz; sagardotegien gainean galdetu omen zieten lehengoan frantses batzuek, ea non aurkituko zuten sagardorik onena. Harritzekoa da Donejakue bidea egiten ari den erromes gehiago ez ikustea. Zelatundik igarotzen da bidearen adar bat, Beterritik dator eta Bidegoian aldera doa, baina Maria Jesusek dio oso gutxi pasatzen direla eta aterpe eske etorri ohi direla. Hemen, baina, ez dago lo-tokirik. Bestela ere bada nahikoa aukera.
Pena pittin bat eman dit sukaldean zintzilikaturiko txorizo horiek ikusi eta hamaiketakoa egin gabe joateak. Baina etorritako bidetik abiatuko naiz.
Bidean mendizale gehiago ikusi dut orain, nahikoa lo eginda datozenak. Nabari da Iturriozko aparkalekuan ere, autoz beteago baitago. Hamabietarako egin dugu buelta. Oraindik ez da eguzkia atera, baina egun ederra da.