Espioitza

Mundu osoko 5.000 milioi sakelakoren informazioa jasotzen dute egunero AEBetako segurtasun zerbitzuek

phoneGauza jakina da hainbat eta hainbat herrialdetako gobernuek, denek ez esatearren, segurtasunaren izenean norbanakoen askatasuna urratzen dutela. Haatik, iaz Edward Snowden AEBetako inteligentzia zerbitzuetako analista ohiak publiko egin zuen informazioak hautsak harrotu eta ika-mika diplomatikoak eragin zituen, AEBetako Gobernuaren zelatatze masiboa agerian utzi baitzuen: norbanakoak ez ezik, gobernu eta erakunde ugari ere espiatzen dituela jakinarazi zuen. Salaketa horrek soka luzea ekarri du, eta, ondoren ere, AEBetako segurtasun agentzien jardunaren xehetasun gehiago ezagutu ahal izan dira. Esaterako, herrialde horretako Washington Post egunkariak jakinarazi duenez, bertako Segurtasun Nazionalerako Agentziak (NSA) egunero mundu osoko 5.000 milioi segapotoren datuak jasotzen ditu: erabiltzaileen kokalekua, iraganeko mugimendu eta mezuak, erabiltzaileen arteko harremanak... Alegia, norbanakoen oinarrizko eskubideak urratuz, etengabeko zelatatze masiboa egiten dutela. AEBetan ez ezik, nazioartean ere kexu ugari eragin ditu NSAren jokamoldeak. Alabaina, horrek inolako eraginik izango duela pentsatzea inuzentekeria galanta da. AEBetako agintariek, euren jarduna zuritu nahian, hitz polit asko bota dituzte, baita neurriak agindu ere. Baina zelatatzeari buruzko datuak ezagututa, izango al da jendaurreko adierazpen horiek sinetsiko dituenik?