“Kontua ez da euskara salbatzea, euskalduntasuna salbatzea baizik”

gontzal

Gontzal Mendibil

Amamak gitarra oparitu zionean, dozena bat urteko mutil koskorra zen Gontzal Mendibil (Zeanuri, 1956). Ordurako barruan zuen musikaren harra, txiki-txikitatik. Handik pare bat urtera Ez dok Amairuren kontzertu “zoragarri” bat ikusi eta bertan erabaki zuen handitutakoan kantari haiek bezalakoa izan gura zuela. Pentsatu eta egin: udazkenean beteko dira 40 urte Xeberrirekin batera Zaurietatik dario diskoa kaleratu zuela. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Zelan lortzen da 40 urtez hor manten­tzea, gorabehera handi barik?
Modetatik aparte egonez. Modak joan eta etorri egiten dira, baina nik ez dut musika jendearentzat egiten; batik bat, neure­tzat egiten dut, horretan sinesten dudalako. Gero, jendearen oniritzia izatea beti da on, noski. Arrakastak eta porrotak izan ditugu, baina barruan daramazuna zara beti: poeta, idazlea, sortzailea… Ez diozu inoiz utzi behar zeu izateari, nahiz eta tarteka bestelako gauzetan jardun, bizi egin behar delako. Batzuetan gauzak ondo joaten dira, besteetan ez, baina neure lanean sinesten dut eta argi daukat inork ez duela ezer oparitzen, are gutxiago gaur egun. Txikitatik datorkit zaletasuna, oraindik ere badut zerbait emateko ahalmena eta hor jarraitzen dut, gustura. Noiz arte? Bada, gorputzak geratzeko agindu arte.
1975ean kaleratu zenuen lehen diskoa, Xeberrirekin. Bakarka, berriz, 1978an. Zer esango zenuke orain disko haien kritika egiteko eskatuta?
Araban bagare izango da agian nire kanturik ezagunena, baina, poesia eta musika aldetik, ez da onena, inondik inora. Halere, oso ezaguna bihurtu zen eta hori poztekoa da. Atzera begiratzea eskola da eta, begirada kritikoz begiratu behar badut, onartu behar dut egin ditudala gauza okerrak ere. Disko guztiak ez dira onak izan, noski. Beharbada, azken 15 urteotako lanak sakonagoak dira; musika eta poesiaren ikuspuntutik begiratuta, presentzia artistiko handiagoa dute, agian arrakasta gutxiago izan arren.
Iaz kaleratu zenuen Nire bihotzak zure begiak ditu. Izenburuak berak adierazten du bilakaera, asko aldatu zara?
Ez, beti joaten zara aurrera, bizitza bera ikasbidea da, baina norbera den modukoa da eta izaera ez da inoiz aldatzen. Sortzeko prozesua ere bera da, nahiz eta gaurko egoera bestelakoa izan. Neure barnean arakatu eta ikusten edo sentitzen dudana kantatzen dut. 1975ean, beste egoera bat zegoen, okerragoa, oro har, baina hobea beste gauza batzuetan, ilusio handiagoa zegoen. Hobeto gaude? Bai eta ez. Orduko oztopoak kontuan izanda ere, orain ez dago garai hartako ilusiorik. Horren falta suma­tzen dut, orain bakoitza berera doa, kolektibitatean, euskal kulturan, gure egitekoetan… Ilusioa galtzea ez da ona, emoziorik gabeko bizitza, izate hutsa, ez dut atsegin.
Pertsona egokia zara euskal kantagintza modernoaren historiaz mintzateko…
Ez dok Amairuren garaian, dena zegoen egiteko, bide berriak zabaldu zituzten, hura udaberri zoriontsua izan zen. Gero gauzak aldatuz joan dira eta, demokraziak ate asko zabaldu arren, beste hainbat itxi ditu. Askotan kontatzen dut 1976an oso erraza zela estatu espainiarrean zehar euskaraz kanta­tzea. Burgosen, Salamancan, Zaragozan, Sevillan… sekulako elkartasuna nabari zen Euskal Herriarekiko, gaur ez bezala. Hemen bertan ere, askok eta askok alde egin dute euskal kulturatik, euskaldunok ere gehiago kontsumitzen dugu kanpoko kultura. Hortaz, aurrerapausoak eman dira, bai, baina zerbaitetan ez gara ondo ari. Euskara ere egia da lehen baino gehiago dakigula, baina egin… Arduratuta nago gure kulturarekin, ikusten dudalako gauzak egin egiten direla, eta hobeto, baina kontsumoa gelditu egin da, iruditzen zait geure herrian gettho bihurtu garela.
Zergatik ez dugu euskaldunok euskarazko kultura kontsumitzen?
Geure konplexuengatik. Beti uste dugu, zoritxarrez, kanpokoa hobea dela. Ez nago, adibidez, Guggenheimen aurka, baina non daude euskal artistak? Askotan, ukuiluan. Kanpokoa altxorra balitz bezala tratatzen dugu eta geurea apenas iruditzen zaigu ezer, eutsi beharreko folklore hutsa. Ez dugu geurean sinesten. Buelta eman behar diogu horri, denok. Ez ditut politikariak bakarrik kritikatzen, e? Baina baita politikariak ere. Gure politikariek bizi dute euskal kultura? Askok eta askok ez. Nire kontzertuetara ez da agertu inongo politikaririk, ezta herriko zinegotzirik ere. Nire kontzertuetara bezala, beste hainbat eta hainbat kultur ekitalditara. Non gaude? Nork laguntzen digu? Gutxik, nor bereari begira gaude, babesik ez dugu euskal kultura librean bizi garenok. Ez dut esango euskal kultura ofizial bat dagoenik, baina sorkuntzak beti izan behar du libre, eta ez dut ikusten horren egarririk gure politikariengan; penagarria da.
Nolakoa da egun euskal musikaren panorama?
Egiten diren produkzioak oso onak dira eta denetik dago, asko eta askotarikoa. Gure garaian, modu bakarra zegoen, eta orduantxe hasi ziren lehenengo rockeroak: Niko Etxart, Anje Duhalde, Minxoriak… Gero sortu ziren Itoiz-eta. Orain ere oso talde onak ditugu: Berri Txarrak, Ken Zazpi… Euskal kantagintzak egokitzen jakin du munduan egiten den musikara, baina gure herria txikia da, entzule kopurua ere bai. Niri ez zait inporta gure musika kanpoan ez ezagutzea, baina egiten denak, ona izan arren, ez du erantzun handirik jasotzen berton. Krisiaren ondorioz askoz ere gutxiago saltzen da, baina garaiak ere aldatu egin dira. Ni hasi nintzenean, arratsalde oso bat egoten ginen disko bera entzuten. Gaur, aldiz, kanta baten erdia entzuten da, gero beste bat… Sakontasuna falta dago arlo guztietan, eta kulturak asko galdu du har­tzaileen aldetik. Gainera, orain mundu guztia da artista, mundu guztiak ekoizten du zerbait. Esan izan da hemen egunen batean idazle gehiago egongo dela irakurleak baino. Aitortu behar da, halere, oso idazle onak ditugula.
Euskal poeten lanak erabili izan dituzu kanta batzuk osatzeko...
Bai: Gandiaga, Kapanaga, Artze, Sarri… zorionez, altxor ederra daukagu, askotan gutxiegi preziatzen duguna. Europako hizkuntzarik zaharrena dugu, hori aprobetxatu egin beharko genuke kanpora begira, zientzien eta ikasketen bidez, ez folklore huts moduan. Hizkuntza bat ez da hizkun­tza soila, filosofia ere bada, pentsaera, bizimodua… hori guztia ez da kontuan har­tzen. Gauza errazak egitera jotzen dugu, orainari bakarrik erreparatuta, atzera begiratu gabe, sakontasun barik. Euskalgintzan ere ikusten dut hori, kontua ez baita euskara salbatzea, euskalduntasuna salbatzea baizik. Euskara inperioaren jantziz salba­tzea… Globalizazioaren ondorioz, denok gara bat, baina badugu beste herrialde askok ez duten altxor bat. Dena den, ez naiz ezkorra.
Zelakoa da zure sormen prozesua?
Gehienetan, hitzetatik abiatzen naiz. Beti eramaten dut papera edo grabagailua soinean, badaezpada, ez dakizulako noiz eta nondik etorriko den ideia, inguruko magia hori. Ez da prozesu arrazionala; hasiera emozioa izaten da. Gero dator lana: itxura eman, gauzak kendu, hitzak sartu, gozatu, sentitu, musikarekin bat egin, hunkitu… apurka-apurka joaten da. Arteak arima behar du. Ez dut izenik esango, baina sortzaile ezagun asko, artean teknikari onak izan arren, ez dira artistak, ez dute arte sentimendurik. Arima da garrantzitsuena, baita poesian ere. Poesiak sentiarazi egin behar du, baina sarritan asko idazten da ezer eskaini gabe. Halere, badaude poeta on-onak. Sarri, esaterako, sakona eta ona da, eta erraza! Arteak ez du zertan konplikatua izan.
Zelako denbora tartea behar izaten duzu disko batetik bestera? 
Musikaria entzulea baino urtebete aurrerago joaten da. Nik hiru urterik behin-edo ateratzen dut diskoa. Azken hau pasa den urtean eta aurrekoan egin nuen. Oso prozesu polita izan da, gustura geratu naiz. Egin ditugu hainbat kontzertu, eta oraindik ere egingo ditugu beste batzuk. Halere, disko horrek dagoeneko egin du bidea. Orain beste prozesu batean nago, baina presa barik. Aspaldiko gogo batekin nabil, beste musikal bat prestatzen datorren urteari begira. Ez da disko bat, lehen egindako Iparragirre, Olentzaro edo Arruperen musikalen antzekoa baizik. Gidoia erdi bukatua dut eta musikak ere sortzen ari dira. Asmoa da datorren urteko udan edo udazkenean aurkeztea. Izenburua Gernika-New York izango du. Ez dut beldurrik, baina jendea bilatu behar da, laguntzak behar dira… eta gaur egun hori asko kostatzen da. Dena dela, badoa aurrera eta, ondo bidean, datorren urtean estreinatuko dugu.
Orduan ez da 2021erako egin nahi den San Inazioren inguruko proiektu hori…
Ez, ez da hori. Ni ez naiz praktikantea, baina jesuiten probintzialak proposatu zidanean Arruperen inguruko zerbait egitea, arakatzen hasi eta ikusi nuen oso pertsonaia interesgarria zela, Eliza ofizialarekin zuen harremanagatik-eta. Urte eta erdi inguru egon nintzen prestatzen, Euskalduna Jauregian aurkeztu genuen eta izugarrizko arrakasta izan zuen Loiolan bertan. Harrezkero galdetu didate ea ausartuko nintzatekeen San Inaziorena egiten, 2021ean beteko direlako 500 urte haren konbertsioa gertatu zela. Ikusiko dugu, baina halako musikal bat egitea ez da erraza. Gauzak ondo egin nahi izatekotan, hiru urte inguru behar dira lanerako, eta hor oso gauza interesgarriak daude: Berpizkundea, oinaztarrak eta ganboatarrak, matriarkalismoa…
Gorbeiako haizea liburua kaleratu zenuen 2005ean, zeure herriko istorioez osatua. Halaber, aipatu izan duzu poema libururen bat egiteko asmoa...
Pila bat poema dut idatzita, batzuk onak izango dira eta beste batzuk ez. Ateratzen badira, ondo, baina presarik ez dut, hor ere garbiketa egin behar baita. Ezin dut orain esan aterako diren ala ez, utzita baititut musikalaren gidoia idazteko. Bestalde, Bittor Kapanagak aspaldi egindako liburu bat atera zen Durangoko Azokan, bertan parte hartu nuen beste batzuekin batera, eta orain bigarrena ateratzeko materialarekin gabiltza. Eta badut beste asmo bat ere: nobela itxurako bat egitea Kapanagaren bizitzan eta bion arteko harremanean oinarritua. Ehun bat orrialde ditut idatziak, eta oso interesgarria izan daiteke, nire ustez, Kapanaga delako gure Dersu Uzala.

KOLKOTIK

Zer da gitarra zuretzat? Lagun ona. Zer eman dizu Gorbeiako haizeak? Lehenengo eta behin, bizitza, eta norabidea. Musikaria ez bazina, zer? Sorkuntzari loturiko zerbait, artearen ingurukoa. Antzerkia gustatzen zait, idaztea ere bai... Erreferente musikalik? Ez dok Amairu inspirazioa izan zen guretzat. Gure ostekoek ere izango ahal dute erreferenteren bat! Oso garrantzitsua da baten bat edukitzea. Euskal poeta bat? Asko daude onak... Bitoriano Gandiaga eta Joxean Artze. Gustuko musikari bat? Peter Gabriel betidanik gustatu izan zait, haren bi kontzertutan egona naiz. Zerk inspiratzen zaitu? Bizitzak berak, bizitzaren gorabeherek. Zerk ematen dizu amorrua? Faltsukeriak. Eta beldurra? Ez bizitzak, ez heriotzak, baizik eta, batzuetan, gizakiak. Maltzurkeria handia ikusten dut. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria? Euskal Herrira pozaldia etorri dela guztiontzat, libreago garelako.