Trapu Zaharra taldekoek badakite mundua nola salbatu

trapu

Amaia Erauskin izeneko emakume batek irudipen bat izan du: 17 egunen buruan iritsiko da munduaren amaiera. Dena dela, ez du zertan kezkatu, estralurtarrek salbatuko baitute gizateria. Ontzi batean Lurrera etorri, gizaki guztiak hartu eta izaki eboluzionatuago batzuen bizilekura eramango dituzte, planeta zoragarri batera. Munduaren amaiaren bezperan, Amaia eta bere amona ebakuazioa antolatzen saiatuko dira, baina, amonaren ustez, Lurra baino leku hoberik ez dago... Abiapuntu zoro hori du Trapu Zaharra antzerki taldeak estreinatu berri duen Ongi etorri Findemundo! kale antzezlanak. Umorezko kale antzerkian eskarmentu handiko taldea, oraingoan ere ildo berari eutsi dio Trapu Zaharrakek. Txema Ociok idatzi du lana, eta Santi Ugaldek zuzendu. Aktore lanetan, aldiz, Mikel Laskurain eta Miren Gaztañaga dabiltza. Maiatzaren 16an aurkeztu zuten lana, Hondarribian, eta hainbat lekutan eskainiko dute datozen hilabeteotan. Esaterako, uztailaren 2an, Zarauzko Kalerki antzerki jaialdian.


FORMATU handi, ertain eta txikiko orotariko ikuskizunak izango dira ekainaren 12tik 14ra Gasteizen, X. KaldeArte Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiaren barnean. Orotara, 31 konpainiaren 46 emanaldi izango dira, horietako 6 estreinaldi absolutuak. Parte hartzaileen artean, 13 talde Euskal Herrikoak izango dira, eta gainerakoak Espainia, Frantzia, Polonia, Katalunia, Hungaria, Argentina, Italia, Erresuma Batua eta Belgikakoak: Dantzaz, Circortito, Markeliñe, Paki Paya, Barolosolo, Collectif Malunes, Animal Religion, Zanguango, 2princesesbarbudes, Pez Limbo... Deabru Beltzak euskaldunek emango diote hasiera jaialdiari, Les Commandos Percu Frantziako taldearekin batera prestatutako Danbor talka/ Le choc des tambours ikuskariarekin. Hortik aurrera, arte eszenikoek beteko dituzte Gasteizko kaleak, plazak eta beste hainbat txoko. Besteak beste, jaialdiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Atera doa ikuskizun berezia eskainiko dute Logela Multimedia eta Kukai konpainiek elkarlanean. Zirkuak, dantzak, umoreak, antzerkiak eta musikak lekua izango dute jaialdian, haur zein helduentzako egitarau oparoari esker.

LABURREAN

BILBOKO Errekalde auzoa zirku bilakatuko da ekainaren 5, 6 eta 7an, VI. Zirkualde jaialdiari esker. Bilboko Udalak antolatzen du, Koblakari elkartearen laguntzarekin, osorik zirkuko arteei eskainitako jaialdia, eta aurten zazpi konpainia bilduko ditu: Dikothomia, Cía Sainete eta Malas Compañias euskal taldeak, La Corcoles eta Companya Jordi Bertrán katalanak, Zen del Sur andaluza eta Compagnie Yi Fan frantziarra. Ikuskizun guztiak Errekalde plazan eskainiko dituzte, arratsaldez.

argiARGI film luzea finantzaketa bila dabil, crowdfunding bidez. Iratxe Mediavilla zuzendariaren egitasmoak 5.000 €  batu behar ditu ekaina amaitzerako. Argi 60ko eta 80ko hamarkaden artean girotutako drama da, Elorrio izeneko herri txiki batean. Neskatila baten begietatik erakutsiko da orduko egoera soziala: Argi preso sentitzen da baztertzen duen gizartean, eta borrokatu egin beharko da bere tokia topatzeko. Mediavillak aktore ezagunak bildu ditu filmerako, besteak beste, Yannick Vergara, Asier Hormaza, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Felix Arkarazo... Filma diruz laguntzeko, nahikoa da Argi bilatzea verkami.com gunean. 5 eta 1.000 € arteko ekarpenak egin daitezke, eta bertan ikus daiteke ekarpenaren araberako “ordaina” ere.