Ezpalak dira Seiurteren kanta berriak

ezpalak

Seiurte talde bizkaitarrak duela gutxi hasi du Ezpalak lan berria aurkezteko bira. Iñaki Elor­tza (gitarra), Julen Oarbeaskoa (baxua), Ekain Elortza (bateria) eta Iokin Elortzak (gitarra eta ahotsa) orain arteko sonoritaterik trinkoenaz jantzi dituzte diskoa osatzen duten zortzi kantuak. Ia 20 urteko ibilbidean, taldeak ahalmen handia erakutsi du melodia distiratsuak sor­tzeko, betiere instrumental oparo eta sendoetan oinarrituta. Disko honetan, ordea, badirudi harago joan nahi izan dutela, adituen ustez, “orain arte Seiurteri ezagutzen zitzaizkion bertuteak, hala melodikoak nola erritmikoak, modu bateratuan ageri direlako disko berrian”. Pare bat maketa eta single bat kaleratu ostean, 2003an argitaratu zuten lehen diskoa (Bapatean, Metak). Harrezkero, Ekiozu (2004), Jauzia (2006), Plateruenan zuzenean (2007), Lau (2009) eta Atlantida (2012) plazaratu dituzte. Bitarte horretan, taldeak bere nortasun artistikoa sendotu du, eta zuzenekoetan ere gero eta indartsuago ageri da.


alkhatAGUXTIN ALKHAT heletarrak Haizeen meneko (Elkar) diskoa kaleratu du, entzuleari ibilbide intimoa proposatzen dioten hamar kantu bilduta. Sasiak eta loreak, pairamenduak eta kontsolamenduak, oroimenak eta maiteminak... gai horiek guztiak ditu hizpide Alkhatek bere lehen lan luzean. Musika lengoaia pop-rockean oinarritzen duen arren, Heletako kantariari nabaritzen zaio Iparraldeko kantagintza lirikoaren ondorengoa dela, kantu eder bezain hurbilak sor­tzen dituelako eta abesteko orduan berezko nortasuna erakusten duelako. Izan ere, familiaren magaletik jaso du zuzen-zuzenean tradizioaren indarra, batez ere Ernest aita bertsolariarengandik. Lan honetan, bidelagun izan ditu Julien Labat (gitarra), Xan Bidegain (baxua), Felix Buff (bateria) eta Txus Aranburu (teklatuak).

 

 

xakeXAKE!
Makala Jazz Funk Band
Orrua Diskak, 2015

DJ Makalaren bandaren lehen lan luzeak 12 kantu ditu, horietako hiru bertsioak: Sidiku Buariren Karam Bani, The Young-Holt Trioren Wack Wack eta The Village Callersen Hector. Gainontzekoen artean, hiru instrumentalak dira eta beste batzuk ingelesez edo frantsesez abestuak. Taldea eskarmentu handiko musikariek osatzen dute: Antxon Sarasua (teklatuak), Ander Zulaika (bateria), Oihan Lopetegi (ahotsa), Martin Asarian (gitarra) eta Mikel Makala Unzurrunzaga (baxua). Estiloari dagokionez, 50eko eta 60ko hamarkadako jazz eta rhythm and blues doinuak zein 70eko hamarkadako groove funk eta disco soul doinuak aurki daitezke.

sermondsLIBELULA
Sermond's
Mauka Musikagintza, 2015

Elorrioko taldeak, 2013an bizi izan zuen aldaketa prozesuagatik (Bidegurutzean lanarekin), bere barnera arreta handiagoz behatuta jokatzen dihardu orain, iraganeko hardrock-rock-and-roll exhibizionista ia erabat lurperatuta. Ez dira bat-batean erabateko hippyak bihurtu, baina hitz existentzialistagoak (hil ala bizikoak) idatzi eta stoner doinuetan are gehiago sakondu dute. Iraupenean ere harira jo dute eta, gehigarririk gabe, iraupen ertaineko lan berria osatu dute. Riffak landuak dira; stoner oinarria, sendoa eta eraginkorra; gitarrak, eskuzabalak; eta ahotsa, tempo eta erregistro zabalagokoa.