Iraultza errimatua

herrimaHerrima
Suaia eta Lahaine
Taupaka 2015


Suaia eta Lahaine aski ezagunak dira euskal hip-hopa gertutik jarraitzen dutenentzat. Musikari gasteiztarra Kodigo Norte eta Askapen Sound Sisteman ibili da, Esne Beltzarekin eta beste zenbait musikarirekin kolaboratzeaz gain. Endika Lahaine rapero barakaldarra, berriz, hamaika saltsatan ibili da, baina 121 Krew eta Bunpada Sound dira haren proiekturik ezagunenak. Orain, indarrak batzea erabakita, Herrima izeneko lan laburra kaleratu dute. Izenburuan ondo dioten moduan, errima ugari aurkituko ditugu lan honetan, baina herriaren aipamena ere ez da hutsala, letren eduki politiko eta iraultzailea oso nabaria delako. Musikalki, hip-hop kulturaren parametroetan mugitzen dira sei kantuak, jatorri jamaikarreko erritmoak nagusi, reggaetik drum'n'bassera, baina rocketik gertuko abesti gitarrazaleak ere egiten badakite. Riots itsaskorra, esaterako, hit bat izan zitekeen, irratietan entzuteko aukera izango bagenu.
Gotzon Hermosilla