Kalean da Iturralderen nobela berria

iturralde

Joxemari Iturralderen (Tolosa, 1951) bederatzigarren nobela kaleratu du Pamiela argitaletxeak, Perlak, kolpeak, musuak, traizioak izenekoa. Hogeita bost emakumeren gorabeherak biltzen dira ia XX. mende osoa hartzen duen narrazioan. Emazte horietatik batzuek harreman estua izango dute artista ezagunekin, eragin handiko politikari eta negozio gizon aberatsekin eta kirolari ospetsuekin, hala nola, Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga euskal boxeolariekin. Liburua ez da bi horien biografia, baina euren arteko traizioa kontatzen du, lagunak izaki, 36ko gerrak etsai bihurtu baitzituen. Eleberrian azaltzen diren istorio eta pasadizo asko, hortaz, benetakoak dira. Ez alferrik, Iturraldek aurretik ezagutzen baitzituen bi boxeolari horiei buruzko istorioak, biek ala biek Tolosan hasi zutelako euren ibilbidea. Halere, azken hiru urteotan dokumentazio lanean ibili da idazlea, eta haiek ezagututako pertsonengandik jaso du lehen eskuko informazioa. Izenburuko perlek glamourra irudikatzen dute; kolpeek, boxeoa; musuek, amodio istorioak; eta traizioek, pertsonaien arteko faltsukeriak.


katixaKATIXA AGIRRE idazle gasteiztarrak Atertu arte itxaron nobela kaleratu du, road movie antzeko bat Euskal Herrian barrena: Lekeitioko hondartzak, Arabako bailarak, Bilboko koktelak edo Baztango baserriak... Uliak sorterria erakutsi nahi dio bikotekideari; hortaz, Gustavoren BMW berrian egiteko ibilbide lasaia prestatu dute, udan eta bigarren mailako errepideetan zehar. Dena ez da horren lasai joango, ordea. Izan ere, gatazka da Agirreren lehen eleberriko gai nagusia, eta gatazkaren aurrean hartzen dugun jarrera. Protagonistena, liburuaren izenburuak berak islatzen du. Beste hari-mataza batzuk ere josten dira, dena den, kontakizun nagusiarekin: 1976ko martxoko Gasteizko borrokak, Benjamin Britten konpositore ingelesa…

ereinGABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETAREN SARIAK
Laida Martinez, Ekaitz Goiene­txea, Uxue Alberdi eta Arrate Egaña
Erein, 2015

Hiru hamarkada baino gehiago dira Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa antola­tzen duela idazle bilbotarra omentzeko eta, bide batez, literatur sorkuntza bultzatzeko. Liburu honetan, 2012. eta 2014. urteetan saria irabazi zuten kontakizunak biltzen dira, Arrate Egaña, Uxue Alberdi, Ekaitz Goienetxea eta Laida Martinez idazleenak.

ametsakAMETSAK ERE ZAIN
Mikel Antza
Susa, 2015

Garaitu gabeen balada du azpititulu sei poema luze biltzen dituen liburu honek, Antzaren lehenengo poema bilduma argitaratua. Azken hamar urteotan ondu ditu Réau-ko kartzelan (Frantzia), eta heriotza, kartzela eta gerra dituzte hizpide, baina baita maitasuna eta askatasuna ere. Aurkezpenerako idatzitako eskutitzean, egileak dio ulertzen den poesia idatzi nahi izan duela, baina ez duela dena “murtxikatuta” eman; beraz, “seguruena, hainbat pasarte ilun edo ulertezinak gertatuko zaizkio irakurleari”.