Ez egin tiro anbulantziei

anbulantziaMikel Ayllon
Elkar, 2014

Bertold Brecht ekarri dit gogora irakurketak. Zera esan zuen Brechtek: krisia gertatzen da zaharra guztiz hil ez eta berria oraindik jaio gabeko tarte horretan. Bada, hain zuzen ere, tarte horretan kokatzen da Ez egin tiro anbulantziei, Mikel Ayllon laudiar gaztearen estreinako eleberria, Igartza saria irabazita jasotako bekari esker idatzi duena (lehenago, 2005ean, Gerezi gorrien garaia kronika-liburua idatzi zuen Paul Asensiorekin batera).
Zaharraren eta berriaren artean, bi garairen artean, beraz, gerta­tzen da istorioa, jendarte idealetik hurrago dagoen, baina, aldi berean, desberdinagoa den sasoi ilun, bortitz, krudel eta ho­tzean, alegia. Gizarte distopiko horretan, Sylvie eta Gerard protagonisten arteko maitasuna eta gorabeherak esplikatzen dira.
Distopia, bai, baina eleberrian beste giro batzuk jorratzen ditu Ayllonek: kartzela, heriotza edota maitasuna, adibidez. Badauka, halaber, halako kutsu zinematografikoa.
Ausarta da idazlearen apustua, euskaraz gutxiago landu den genero bati oratzen diolako eta, gainera, istorioa atzekoz aurrera kontatzen duelako.
Hausnarketa batetik abiatuta, gogoeta dario lerrokada bakoi­tzari. Horrenbeste, ezen esaldi bakoitzak hausnarketa baten ondorio ematen baitu (hitz-jokoak, onomatopeiak...). Noski, gogoeta eragiten du. Brechten beste aipu batek dioen bezala: "Batez ere, egunerokoa aztertu behar dugu. Ez di­tzagun onartu eztabaidatu barik heredatuta datozkigun ohiturak; ez esan "naturala da".
Igor Elordui