Ekonomia

richpoorAberatsak geroz eta aberatsago, eta pobreak pobreago

Gehien eta gutxien dutenen arteko aldea geroz eta handiagoa da munduan. Hala salatu du Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak Eliteentzat gobernatzea: bahiketa demokratikoa eta desoreka ekonomikoa izeneko txostenean. Oxfamek bildutako hainbat datu argigarriak dira oso. Esaterako, munduko aberastasunaren ia erdia biztanleen % 1en esku dago, eta 85 aberatsenek munduko biztanleriaren erdiak bezainbesteko aberastasuna dute. Gainera, aberatsenen eta behartsuenen arteko aldea handitu egin da azken 30 urteotan, baita azken krisialdi ekonomikoa hasi zenetik ere. Desoreka horren arrazoiak ere azaldu ditu Oxfamen txostenak: agintariek elite ekonomikoen esanetara jokatzen dute. Zehazkiago, elite ekonomikoek “botere politikoa bahitu dute, joko ekonomikoaren arauak manipulatzeko”. Besteak beste, finantza merkatuen desregularizazioa, paradisu fiskalak, errenta altuenei zergak gutxitzea edota azken urteotan krisiaren aitzakian egindako murrizketak aipatu ditu txostenak desoreka ekonomikoa areagotu duten arrazoien artean. Desoreka hori gutxitzeko, hainbat proposamen egin ditu Oxfamek. Tartean, paradisu fiskalak ezabatzea, mesede politikoak lortzeko dirua ez erabiltzea eta zergetan bildutako dirua herritarren osasuna, hezkuntza eta babes soziala hobetzeko baliatzea. Hala, pobreziari ez ezik, desoreka ekonomikoari ere aurre egingo zaio. Izan ere, Oxfamek ohartarazi duenez, berdintasun eza borrokatu gabe ezingo da munduko pobreziaren arazoa konpondu.