Egunon.info, euskaraz bizi diren lekuen mapa

egunon

Euskaraz artatua izan eta harremanak euskaraz bizi nahi dituztenek tresna baliagarria dute sarean: Egunon.info. Erabiltzaileek bidalitako informazioa zein bestelako iturriak baliatuta, euskaraz bizi diren establezimenduen mapa librea osatzea eta eskaintzea du helburu guneak. Askotariko dendak, tabernak, jatetxeak, udalak... orotariko zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten establezimenduak biltzen ditu mapak, bezeroei arreta eskaintzen dieten langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz eginez gero. Oraingoz, 2.100 ingururen gaineko informazioa jaso dute, baina egitasmoak elkarlana duenez oinarri, aurrerantzean mapa aberasteko asmoa dute, erabiltzaileen laguntzarekin. Gainera, Creative Commons lizentziapean sortu dutenez, bertako informazioa erabiltzeko edota partekatzeko aukera du nahi duen orok. Establezimenduez gain, mintzalagun eta berbalagun taldeen mapa ere eskaintzen du guneak. Horretarako, praktikatu.blogspot.com eta mintzalaguna.org guneetako datuak baliatu dituzte.


MITZULI itzultzaile librea sortu du Mikel Artetxe garatzaile eta IXA taldeko kideak, Elhuyarren babesarekin. Androiderako itzultzaile automatikoa da, eta 50 itzulpen-noranzko baino gehiago eskaintzen ditu. Izaera komertzialeko produktuek albo batera utzi ohi dituzten hizkuntzei arreta berezia paratzen die: euskara, aragoiera, okzitaniera, asturiera, afrikaansa, galiziera, katalana... Hizkuntza hedatuagoek ere badute lekua, hala nola, gaztelaniak, ingelesak, frantsesak, italierak... Testu bidezko itzulpenaz gain, ahots bidezkoa baliatzeko aukera ere eskaintzen du, baita argazki bitartez ere. Gainera, Internetera konektatu gabe erabil daiteke, konektatuta egonda ematen dituen zerbitzu berberekin. Doakoa da aplikazioa, eta, software librekoa izanik, aldaketak eta hobekuntzak egiteko aukera zabalik du. GooglePlay-en eskuratu ahal da Mitzuli, baita aplikazioaren gunean ere: http://www.mitzuli.com/eu/.

LABURREAN

jostailuakJOSTAILUEN on-line denda berria dute umeek euskarazko jostagarriak aurkitzeko: www.mundua.eus. Jostailugintzan eskarmentu handia duen enpresak jostailu aukera zabala jarri du ume euskaldunen eskura, euren hizkuntzan jolas eta ikas dezaten. Orain arte beste jostailu asko sortu ditu, hala nola, Zein da zein? edo Hitzgurutzatuak, baita Catan edo Superpoly ospetsuen euskarazko bertsioak ere, eta produktu horiek Afede dendetan eskuratu ahal izan dira. Orain, ordea, beste urrats bat eman nahi izan du webgune propioa sortuta, bere jardunak euskal kultura eta euskara zabaltzen laguntzen duela sinetsita. 


hitzmixHITZMIX izeneko bost aplikazio garatu ditu Elhuyarrek tabletetarako. Euskara jolastuz lantzeko aplikazioak dira lau, euskarazko hiztegia aberasteko (Hitz-pasa, Guru­tzatuak, Letren saltsa eta Bortz), eta zifrekin jolasteko jokoa da bosgarrena (Zifren sal­tsa). Joko guztiak dira ordaindu beharrekoak, Android eta iPaderako egokituak, eta Google Playn eta App Storen eskura daitezke. Informazio gehiago www.elhuyar.eus webgunean.