Euskara telefonoetan

Aitortuko dizuet: inbidiak jota jarri naiz hau idazten. Katalanek Informe CAT deritzon txosten bat aurkeztu dute, katalanaren egoera eta 'osasuna' aztertzen duena. Bertan irakur daiteke, besteak beste, hamar telefono egile nagusietatik seik aukera eskaintzen dutela euren gailuak katalanez konfiguratzeko. Samsung, Apple, Huawei, LG, ZTE eta Sony dira, hurrenez hurren, eta guztien artean telefonia merkatuaren % 53 osatzen dute.
Jakin nahi nuke nolakoa den datu hori euskararen kasuan. Beharbada, arinkeria irudituko zaizue, zentzugabeko kezka, baina esango nuke telefonoak euskaraz konfiguratu ahal izatea uste baino garran­tzitsuagoa dela. Gustatu ala ez, gero eta sarriago erabiltzen dugu gailu hori, eta topikoari kasu egiten badiogu, behintzat, gazteek egun osoa ematen dute euren sakelakoari begira, gero eta gazteago direnetik, gainera. Liluratzen dituen gailuak euskaraz jartzeko aukerarik ez izateak zer irudi utziko die gure hizkuntzaren garrantziaz edo prestigioaz?
Are gehiago: hizkuntzen kontu honek gurpil zoroak bezala fun­tzionatzen du teknologia kontuetan. Ez dituzte itzulpenak egiten, jendeak ez dituelako erabiltzen. Itzul­penik ez dagoenez, gailua erdaraz erabiltzen ohitzen gara. Ohitu garenean, euskarazko itzulpena ateratzen dute, baina jende gutxik erabiltzen du... eta buelta hasierara.
Eusko Jaurlaritzak akordioa egin zuen 2007an hainbat operadore eta telefono egilerekin, beraien gailuen interfazea euskaraz ere eskain zezaten. Ekimen ona, zalantzarik gabe, baina arazo handia du: zortzi urte igaro dira harrezkero, eta hori eternitatea da telefoniaren munduan.
Jakina da hainbat etxe handik (Samsung eta Sonyk, adibidez) jarraitu dutela euskara haien telefonoetan sartzen, baina beste ba­tzuen arrastorik ez daukagu. Ona litzateke Jaurlaritzak jarraipentxoa egitea 2007ko hitzarmen-sorta hari, eta berritzea edo, zergatik ez, enpresa gehiagori ere eskaintzea. Gazteen euskararen erabileraz honen kezkatuta gauden honetan, irudi­tzen zait pauso handia litzatekeela.

Loturak, estekak, linkak...

http://ttiki.com/339451
Jaurlaritzak 2007an sinatutako akordioaren ondoren, euskaraz erabil zitezkeen telefonoen zerrenda.

http://ttiki.com/339452
Blogean martxan jarri dudan inkestatxo bat, jakiteko gaur egun erabiltzen ditugun telefonoetatik zein jar daitezkeen euskaraz.

http://sustatu.eus/1416300980
Googlek iazko urrian iragarri zuen Android sistema eragilearen 5.0 bertsioak euskara txertatuta ekarriko zuela. Ez dakigu zergatik, baina, itzulpena eginda dagoen arren, oraindik ez dago gailu guztietan erabilgarri.