Gogokoa gogoan

aitziberAitziber Garmendia

Aspaldian ez dut ikusi bebarruko eskaileretan hirugarren solairuko agurea. Egun batzuetan kezka horrekin egon ondoren jakin berri dut beste etxe batera joan dela bizitzera. Igogailurik gabeko etxea ez da tokirik egokiena adin horretako gizon batentzat. Beti egiten nion galdera bera, eta beti erantzuten zidan berdin: “Egun on! Zer moduz?” “Ahal den bezala, ez nahi den bezala”. Beti gustatu izan zait erantzun hori, graziaren eta tristuraren arteko sentsazio berezia sortzen zidan bizilagunaren ezpain zaharretatik entzuten nuen bakoitzean. Bakarrik bizi da aspaldian, emazteak alzheimerra du eta zentro batean bizi da duela bi urtetik. Andreagatik galdetzen nion bakoi­tzean, barrena urratzen zidan haren eran­tzunak. “Beno, hantxe dago, lasai. Askotan ez nau ezagutzen, baina bera ondo dago”. Ahal nuen moduan irribarre lasaiari eutsiz entzuten nuen gizonak kontatutakoa eta, alde egin orduko, eztarriko korapiloa askatu ezinean egiten nituen etxerako falta zitzaizkidan hiru solairuak. Senti daitekeen minik sakonenetakoa izango da hori, bizitza osoan aldamenean eduki duzun bikotekide horrek ez zaituela ezagutzen nabaritzea. Behin zeharo maiteminduta  begiratu zizuten begi horientzat ez zarela inor jakitea, zure maitea aurpegi ezezagun bat besterik ikusteko gai ez dela senti­tzea. Gogorra izan behar du. Alzheimerraren biktimak itsasoaren alde banatan gelditzen dira, batak dena ahazten du eta bestea ahan­tzitako zakuaren barruan gelditzen da. Gordin amorratuak dira bi itsasertzak, zakarrak. Zer egingo ote nuke nik halako egoeran? Nitaz gogoratzen ez den hori berriz ere maitemin­tzeko saiakera egingo ote nuke? Agian iritsiko litzateke momentu bat non, nekatuta, abailduta, amore emango nukeen. Edo, beharbada, ez nuke izango hark ni maitatzeko beharrik, nahikoa izango nuke nik hura maitatzea, nahikoa eta sobera nire maiteminarekin. Auskalo, batek daki. Baina, egia esan, ahazteak baino beldur handiagoa ematen dit ahazteko ezer ez edukitzeak, ez bizi­tzeak. Bizi dezagun une bakoitza, izan ere, gero ahaztu egingo badugu ere, zoriontasuna hobea da sentitzeko gogoratzeko baino.