Ez da bukatu

gora gasteiz

Azaroan ezagutu genuen Gora Gasteiz herri ekimena, hiri justu eta solidarioa aldarrikatzeko plataforma: denon eskubide sozialak bermatuko dituen hiria eskatu zuten, kultur aniztasunean oinarritua, etengabe ikasteko, partekatzeko eta elkartrukatzeko borondatez jardungo duena. Ordutik milaka kontzientzia astindu ditu, eta Gasteizko Udalak berak mozio bat onartu du plataforma zorionduz eta Gora Gasteizen aldarrikapenak bere eginez. EAJk, PSEk eta EH Bilduk bozkatu zuten alde, eta aurka PPk. Ezin ahaztu Javier Maroto alkatearen jarrera: etorkin kolektibo jakin batzuei gizarte laguntzen kontura bizitzea egotzi eta laguntzak jasotzeko baldintzak zorroztearen alde mintzatu eta aritu da. Agur esan du plataformak; lana, ordea, ez da bukatu. Gora Gasteizen parte hartu duten erakunde, elkarte zein norbanakoek, indarberrituta, euren konpromisoa berretsi dute nork bere eremuan jarraitzeko, kolore guztiek osaturiko Gasteizen alde egiteko. Oraindik ere beharrezkoa delako.