Ondarea

gatzagaAñanako Gatz Harana leheneratzeko lana saritu du Europako Batzordeak

Kultur ondareari Europan eskaintzen zaion aitorpenik handiena jaso berri du Añanako (Araba) Gatz Haranak: Europako Batzordeak eta Europa Nostra elkarteak sustaturiko Kultur Ondarearen Europako Saria. Europako 29 herrialdetako 263 egitasmoren artean saritu dute Añanako gatzaga, beste 27 proiekturekin batera. Añanako Gatz Harana Fundazioak aurkeztu zuen hautagaitza, eta Kontserbazioa kategorian jaso du saria. Hain juxtu, Añanako gatzagak leheneratzeko lanak aitortu dituzte sariarekin, bai lanon kalitateagatik, bai tokia balioesteko orduan izandako emaitzengatik ere. Epaimahaiak “proiektuaren tamaina ikaragarria” nabarmendu du, “paisaia, arkitektura, ingurumena, gatz-jarduera eta beraren tradizioak barne hartuta, baina baita lurralde osoa ere, garapen sozial, kultural, ekonomiko eta turistikoaren eragile izaten ari diren ekimen kultural eta turistikoen bidez”. Izan ere, XX. mendeko 90eko hamarkadaren amaieratik ari da Añanako Gatz Harana Fundazioa berreskuratze lanak egiten, hainbat esparrutan eraginda: tokiaren eta bertako arkitekturaren leheneratzean eta kontserbazioan; kalitateko gatzaren ekoizpenean eta salmentan; leheneratze lanak enplegua sortzeko baliatzen... Lan horiek guztiek bizirik mantendu eta biziberritu egin dute Añanako Gatz Harana, milaka urteko etengabeko jarduerari segida emanez. Izan ere, berriki eginiko ikerketa arkeologikoen arabera, duela 6.500 urte baino gehiagotik ekoitzi da gatza berton, etenik gabe. Bide horri eusteko ahalegina aitortuko da ekainaren 11n Oslon (Norvegia) egingo den sari banaketa ekitaldian.