Txina

ikeaSiesta egin nahi dutenak, doazela etxera!

Bezero lotiekin nazkatuta, Pekingo dendetan siesta egitea debekatu die Ikea enpresak. Berri agentziek jakinarazi dutenez, ehunka lagun joaten dira egunero Ikearen Pekingo dendetara hango sofa eta oheetan lo kuluxka egitera. Antza denez, altzarien erosotasuna eta dendetako aire egokitua oso erakargarria da bezero askorentzat; horrenbestez, lotiz bete ohi zaizkie dendetako erakustokiak. Itxura eskas baino eskasagoa ematen duela iritzita, siesta egitea debekatu diete bezeroei. Bide batez, inolako erosketarik egingo ez duen jendea uxatu nahi dute. Neurriak orain arteko jarrera irauli du. Izan ere, Txinan filialak irekitzen hasi zenean, erakustoki gehigarriak zabaldu zituen Ikeak denda askotan. Erakustoki gehigarri horietan, siesta egiteko gonbitea egiten zitzaien bezeroei, altzarien erosotasuna probatze aldera. Alabaina, azkenaldian langileak kexatu eta bezero lotiak traba bilakatu direla salatu izan dute behin baino gehiagotan. Ondorioz, debekua ezarri du enpresak. Nolanahi ere, langileek zailtasunak omen dituzte arau berria betearazteko. Batetik, bezero askok ez diotelako jaramonik egiten debekuari. Bestetik, hainbat bezero siestazalek txoko ezkutuagoak bilatzen dituztelako denden barruan.