Telesailak

peaks'Twin Peaks' bueltan izango da, baina David Lynch gabe

Iazko azaroko AIZU!n jakinarazi genizuenez, 90eko hamarraldiko Twin Peaks kultuzko telesailaren kapitulu berriak egitekotan dabil Showtime telebista katea. Bada, azken berrien arabera, telesaila itzuli egingo da, bai, baina ez jatorrizko sortzaileen eskutik. Hau da, telesailaren zuzendari David Lynchek ez du parte hartuko oraingoan. Ez zuzendari lanetan, ezta gidoien prestaketan ere. Hasiera batean, parte hartzekoa zen Lynch. Orain, ordea, kontrakoa jakinarazi du Twitter bidez Lynchek berak. Diru kontuak tarteko, Showtime katearekin ika-mika izan du, eta ez dute inolako adostasunik lortu. Lynchen esanetan, urtebetetik gora aritu dira akordioa egin nahian, baina gidoiak egiteko ez diote nahikoa diru eskaini. Dagoeneko jakinarazi die erabakia egitasmoan parte hartuko duten aktoreei. Hori bai, bera gabe izan arren, proiektuak bizirik jarraituko duela aitortu du. Halaxe izango da, Lynchekin batera jatorrizko telesaila sortu zuen Mark Frostek egitasmoan parte hartuko baitu, gidoigile. Lynch berriro itzuliko ote den ere ikusteko dago: Showtime kateak atsekabea agertu du zuzendariaren erabakiagatik, eta jakinarazi du lanean jarraituko duela bi aldeen arteko akordioa lortzeko. Azkenean, zer gertatuko ote? Gauza jakina da telesail arrakastatsuaren atal berriak, bederatzi guztira, 2016an estreinatuko dituztela; baina ikusiak ikusita...