Zientzia

moskitoEltxoen ziztadak jasotzean eragina ote dute gizakien geneek?

Jakina denez, eltxoek ez dute edonola zizta egiten. Hau da, badira eltxoen ziztada ugari jasotzen dituzten pertsonak eta, alderantziz, pertsona horien aldamenean egonda ere inolako koskarik jasotzen ez dutenak. Zientzialariek diotenez, gizakien gorputzek zabaltzen dituzten usainek zerikusia izan dezakete eltxoen apetitua pizterakoan, usain jakin batzuk beste batzuk baino erakargarriagoak zaizkielako. Hori abiapuntu, gizakien geneek eltxoak erakartzeko eraginik ba ote duten aztertu dute Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolan (Erresuma Batua). Egindako ikerketen arabera, baiezkoan dira ikerlariak. Bikiak baliatu zituzten azterketarako: berdin-berdinak zirenak eta ez zirenak. Batzuen zein besteen usainak eltxoengana bideratuta, intsektuok zenbateraino erakartzen zituzten behatu zuten. Biki berdin-berdinen kasuetan, usaina erakargarria suertatuz gero, biengana jo ohi zuten eltxoek. Aldiz, usainak ez bazituen erakartzen, urrutiratzen saia­tzen ziren eltxoak. Ezberdinak zirenen kasuan ere eltxoen portaera aldakorra izaten zen. Ikertzaileen ustez, horrek erakusten du eltxoentzako erakargarria izatea ala ez geneek kontrolatzen dutela, eta, ondorioz, ziztadak jasotzeko joera hori heredagarria dela. Uste hori oinarri, jaidura horretan eragina duten geneak identifikatzen saiatu nahi dute orain. Hala, eltxoak uxatzeko produktu eraginkorragoak sortzeko bide berriak zabaldu ahal izango dituzte. Besteak beste, eltxoen ziztaden bidez kutsatzen diren gaixotasun larri askori aurre egiteko aukerak ugarituko lirateke, ikerketa egileen irudiko.